Alaves
LALIGA EA SPORTS
EITB MEDIA
Lucas Vazquezek egin du partidako gol bakarra, korner baten ondorioz, gol aukera argi oso gutxi izan dituen partidan.
Abde eta Rüdiger. Argazkia: Efe.
Alavesek galdu egin du Mendizorrotzan Real Madrilen aurka jokatutako LaLiga EA Sportseko 18. jardunaldiko partida. Lucas Vazquezek 92. minutuan egindako golak hiru puntuak eman dizkio Carlo Ancelottiren taldeari. Madrildarrak sailkapenaren buruan dira, Gironarekin berdinduta.
Real Madrilek jokoaren kontrola eduki nahi izan du hasieratik, eta berea izan da partidako lehen aukera argia, baina Siverak eskua bikain atera du Fede Valverderen jokaldiari erantzuteko.
Minutuek Aurrera egin ahala, Alaves hobeto kokatu da zelaian. Bi taldeek erasora jokatu dute, eta jokoak erritmoa izan du. Real Madrilek, hala ere, lanak izan ditu Siveraren areara inguratzeko eta urrutitik saiatu dira. Fede Valverde eta Brahim izan dira arrisku gehien sortu dutenak. Markagailua, baina, ez da mugitu.
Atsedenaldiaren ostean, Ancelottiren taldeak kolpea hartu du, epaileak txartel gorri zuzena atera baitio Nachori, Samu Omorodioni egindako sarreragatik. Hasiera batea, txartel horia atera dio, baina jokaldia VARean aztertu ostean, gorri ateratzea erabaki du.
Gol aukera argi oso gutxi izan dira. Bakarretako bat Rodrygok izan du 75. minutuan, baina jokaldi pertsonalaren osteko jaurtiketa kanpora joan zaio gutxigatik. 10 minutu geroago, Rodrygo berriro saiatu da, baina Siverak ondo harrapatu du baloia.
Gola, luzapenean
Epaileak 5 minutu gaineratu dizkio arauzko 90 minutuei eta luzapen horretan iritsi da, hain zuzen, Real Madrilen gola. Lucas Vazquezek egin du, 92.ean, korner baten ondorioz, atzelari arabarren despistea aprobetxatuta.
Luis Garcia plazaren taldeak porrot batekin amaitu du urtea.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 78. min), Abqar, Marin, Duarte (Javi Lopez, 59. min); Guevara, Guridi (Hagi, 59. min), Blanco; Luis Rioja, Rebbach eta Samu Omorodion (Kike Garcia, 78. min).
1 - Real Madril: Kepa Arrizabalaga; Lucas Vazquez, Antonio Rüdiger, Nacho Fernandez, Fran Garcia; Toni Kroos, Fede Valverde, Luka Modric (Tchouameni, 55. min), Jude Bellingham; Brahim Diaz (Joselu, 76. min) eta Rodrygo Goes (Ceballos, 96. min).
Gola: 0-1, 92. min: Lucas Vazquez.
Epailea: Diaz de Mera Escuderos (Gaztela-Mantxako batzordekoa). Natxo kaleratu du txartel gorri zuzena aterata (54. min). Txartel horia atera die Alaveseko Duarte (45. min), Javi López (82. min), etaTenagliari (90. min) eta Real Madrileko Bellinghami (min.84).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa