Alaves
Gasteizen
Agentziak | EITB MEDIA
Momentu gorena jokalariak eta teknikariak balkoira atera direnean iritsi da, bertan bildutako zaleei hitz batzuk zuzentzeko.
Milaka zale bildu dira Alavesen ospakizunean. Argazkia: Efe.
Albisteak (2)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Milaka pertsonak harrera egin diote Alavesi astelehen arratsaldean, Santander Ligara igo izana ospatzeko. Alavesek igotzeko play-offeko itzuliko partidan Levante 0-1 garaituta lortu zuen Lehen Mailarako txartela, Asier Villalibrek penaltiz luzapenaren azken minutuan egindako golari esker. Rober Pierrek eskuarekin ukitu zuen baloia area barruan, eta epaileak penaltia adierazi zuen, VARean jokaldia aztertu ostean.
Jokalariak 19:00etan atera dira Mendizorrotzako estadiotik autobus ireki batean, eta hiriko kaleetatik ibilbide luzea egin ostean, 20:00ak jota zirenean iritsi dira Andre Maria Zuriaren plazara. Bertan milaka zale zituzten zain.
Babazorroen igoera gauzatu zuen golaren egilea autobuseko lehen lerroan joan da, ikurrina astintzen, taldekideak eta teknikariak inguruan zituela. Askok sakelako telefonoarekin grabatu dute jendez lepo zegoen ibilbidea; zaleak, 40.000 inguru, jai-giroan izan dira denbora osoan, kamiseta eta puxika zuri-urdinak aldean, taldearen banderak astintzen. Gainera, ke urdina eta zuria zabaldu duten bengala ugari piztu dituzte.
Horrelako ekitaldietan ohikoa den ohorezko aurreskuaren ostean, Alaveseko jokalariak eta arduradunak elizan sartu dira, ordezkari politikoekin batera, Andre Maria Zuriari lore-eskaintza egiteko. Victor Laguardia kapitaina izan da Ama Birjinari loreak eskaintzeko arduraduna, eta Luis Garcia Plaza entrenatzaileak 'Igoera 2023' idatzita zuen kamiseta bat eskaini dio.
Pozak gainezka egin du, balkoian
Ondoren, jokalariak eta teknikariak banan-banan igo dira balkoira zaleak agurtzeko eta Alavesek bere 102 urteko historian seigarrenez lortutako igoera ospatzeko.
Alex Balboa harrobiko jokalariak zeremonia-maisuaren papera egin du. "Aurreko igoeran, ni hor behean nengoen", esan die zaleei, 2016ko igoera gogora ekarrita.
"Ez utzi amets egiteari, egunen batean ametsak bete egiten dira", adierazi die Gasteizko futbol jokalari gazteei.
Une gorena Asier Villalibrek bere tronpeta atera duenean iritsi da. Plazan bildutako milaka zaleak dantzan eta kantuan jarri ditu jokalari bizkaitarrak.
Ospakizunek jarraipena izango dute, asteartean, 13:30etik aurrera, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak harrera instituzional bateratua egingo baitiote taldeari Gasteizko udaletxean.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa