Alaves
Santander Liga (33. jard.)
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak galdu egin du Mallorcan jokatu duen Santander Ligako 33. jardunaldiko partida 2 eta 1eko emaitzarekin, eta jaitsiera postuetan jarraitzen du, 25 punturekin.
Albisteak (3)
Alavesek galdu egin du Mallorcaren aurka (2-1) astearte honetan (apirilak 19) Son Moixen jokatu duen Santander Ligako 33. jardunaldiko partida, eta jaitsiera postuetan jarraitzen du, 25 punturekin. Gasteizko taldeak atzerapausoa eman du salbazioa lortzeko lehian, Mallorca aurkari zuzena baita eta 7 puntuko aldea ateratzen baitio.
Norgehiagokak hasiera nahasia izan du. Lejeunek gola sartu du Alavesentzat 4. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du, frantziarrak errematea egin aurretik baloia eskuarekin ukitu baitu. Epaileak VAR sistema kontsultatu ostean utzi du gola baliorik gabe. Ondoren, 10. minutuan, Mallorcak aurrea hartu du; Maffeok hegaletik egin du erdiraketa, eta Abdon Pratsek gola sartu du (1-0), airean orpoz egin duen errematearekin Pacheco atezaina gaindituta.
Gola jaso ostean, baloiaren jabe egin da Alaves, baina asko kosta zaio abagune argiak sortzea. Atsedenaldira iritsi aurretik izan du lehia berdintzeko aukera Arabako taldeak; Joseluk, ordea, erremate kaskarra egin, eta ezin izan du aurkariaren atea zulatu. Aitzitik, lehen zatiaren luzapenean, Mallorcak bigarren gola sartu du Muriqiren bidez (2-0). Kosovoko jokalariak atzean utzi du Lejeune, eta jaurtiketa gurutzatua eginez, sare barrura bidali du baloia.
Atsedenaldiaren ostean, erasokor zelairatu da Alaves. Arabako taldeak desabantaila murrizteko aukera izan du 56. minutuan, baina Sergio Rico atezainak desbideratu egin du Joseluren jaurtiketa.
Ondoren, Alavesek zailtasunak izan ditu aurkaria estutasunetan jartzeko. Mallorca eroso ibili da atzean sartuta, eta kontraerasoan min egiten saiatu da. Neurketako 73. minutuan, Joseluk erdiraketa egin area ertzetik, eta baloia bere atean sartu du Raillok (2-1), erdiraketa desbideratzeko ahaleginean.
Erasora jo du Alavesek gola egin ostean. Mallorca atzean sartu da, eta Gasteizko taldeari kosta egin zaio gola sartzeko aukerak sortzea. Hala ere, luzapenean izan du partida berdintzeko aukera, baina jokaldi nahasi baten ostean, Pellistri jaurtiketa egitera zihoanean, atzetik etorrita, Antonio Sanchezek baloia ukitu du eta errematea egitea galarazi dio Alaveseko jokalariari. Azkenera arte saiatu da Alaves, baina ezin izan du punturik urratu.
Fitxa teknikoa:
2 - Mallorca: Sergio Rico; Maffeo, Raillo, Valjent, Oliván (Gio Gonzalez, 68. min); Dani Rodríguez, Baba (Battaglia, 53. min), Salva Sevilla (Antonio Sanchez, 82. min) ; Kubo (Fer Niño, 82. min), Abdon Prats (Kang in Lee, 68. min) eta Muriqi.
1-Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (Guidetti, 90. min), Laguardia, Lejeune, Duarte (Aguirregabiria, 90. min); Escalante (De la Fuente, 60. min), Loum (Pina, 73. min); Edgar (Pellistri, 60. min), Manu Garcia, Rioja eta Joselu.
Golak: 1-0, 10. min: Abdon Prats. 2-0, 47. min: Vedat Muriqi. 2-1, 73. min: Raillo, bere atean.
Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Baba (23. min) eta Muriqi (83. min) Mallorcako jokalariei, baita Manu Garcia (34. min), Gonzalo Escalante (46. min), Edgar (57. min), Loum (73. min), Aguirregabiria (96. min), Guidetti (96. min) eta Laguardia (96. min) Alaveseko futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa