Alaves
15. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Santi Minaren eta Iago Aspasen golek indarrik gabe utzi dute Joseluk denboraldi honetan etxekoen alde egindako zazpigarren gola. Hala, gasteiztarrek ezin izan diote jarraipenik eman galdu gabe zeramaten bost neurketako segidari.
Albisteak (4)
Celtak, Santi Minaren eta Iago Aspasen golekin, Alavesen bolada ona eten du Mendizorrotzako Estadioan, elurrarekin jokatu den Santander Ligako hamabosgarren jardunaldiko norgehiagokan.
Minak aurretik jarri du Galiziako taldea 11. minutuan; hala ere, handik gutxira, (21. minutuan) Joselu Matok lehia berdindu du. Edgar Mendezek barneraldia egin du hegaletik, haren erdiraketa buruz ukitu du Luis Riojak eta Joseluk sarera bultzatu baino ez du egin behar izan.
Gol horrekin etxekoen aurrelariak Javi Morenorekin berdindu du, Lehen Mailan gol gehien sartu dituen Alaveseko jokalari gisa (29 gol).
Bigarren zatian, Mamadou Loum erdilari senegaldarrak zutoinera bidali du korner baten ostean jotako burukada, eta, horren ondoren, bisitariak izan dira berriro ere gola lortu dutenak, 70. minutuan.
Gonzalez Fuertes epaileak penaltia adierazi du Martin Aguirregabiriak area barruan baloia eskuz jo eta gero. Pachecok hasiera batean gelditu egin du Iago Aspasen jaurtiketa, baina ezin dio erantzun bera eman Vigoko golegile zorrotzaren bigarren ahaleginari.
Callejaren mutilak berdinketaren bila abiatu dira, eta John Guidettik gertu izan du, baina denbora gehiegi behar izan du baloia kontrolatzeko, eta, azkenerako, galiziarren defentsak suediarraren errematea mozteko gai izan dira.
Horrez gain, ia amaieran, Matias Dituro kanpokoen atezainak gelditu ederra egin behar izan du Joseluk urrutitik egindako saiakerari.
Hala, garaipen horrekin galiziarrek jauzia eman dute sailkapenean (16 puntu) eta, besteak beste, Alaves gainditu dute (14 puntu).
Fitxa teknikoa:
1 - Deportivo Alaves: Pacheco; Martín, Laguardia, Lejeune, Rubén Duarte (Sylla, 87. min); Loum (Guidetti, 78. min), Toni Moya Pina, 78. min), Pere Pons (Manu García, 78. min), Édgar (Pellistri, 71. min), Luis Rioja eta Joselu.
2 - Celta: Dituro; Kevin Vázquez, Araujo, Javi Galán; Beltrán; Brais Méndez (Tapia, 56. min), Denis Suárez (Solari, 56. min), Nolito (Cervi, 46. min); Aspas (Murillo, 82. min) eta Santi Mina.
Golak: 0-1, 11. min: Santi Mina. 1-1, 21. min: Joselu. 1-2, 70. min: Aspas.
Epailea: González Fuertes (Comité Asturiano). Txartel horiak atera dizkie Duarte (32. min), Lejeune (37. min) eta Aguirregabiria (57. min) Alaveseko jokalariei eta Brais Méndez (50. min) eta Tapia (85. min) Celtako jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa