Alaves
2-1
A. B. | EITB Media
Talde armaginak aurrea hartu du markagailuan, baina Arabako taldeak emaitza irauli eta garaipena lortu du, 2-1eko emaitzarekin.
Albisteak (3)
Alavesek garaipena lortu du Eibarren aurka (2-1) Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako 15. jardunaldiko partida. Arabako taldeak 17 puntu ditu eta jaitsiera postuetatik aldendu da; armaginak, aldiz, 15 punturekin geratzen dira, jaitsieratik puntu bakarrera.
Eibar izan da nagusi lehen ordu laurdenean eta gola sartu du laugarren minutuan; Pedro Leonek kornerra atera eta baloia sare barrura joan da Pacheco atezainarengan jo ostean (0-1). Baloiaren jabe izan da talde armagina eta abagune argiak izan ditu. Neurketako 16. minutuan Kike Garciak alferrik galdu du Eibarrentzat bigarren gola sartzeko aukera, Pachecoren aurrean jaurtiketa kanpora bidalita. Bost minutu beranduago, Inui area barruan sartu da, eta japoniarrak ez du jokaldia ondo amaitu. Alavesen erantzuna 28. minutuan etorri da Deyversonek egin duen jaurtiketarekin. Eibarrek bigarren gola sartzea izan du helburu, eta lortzetik gertu egon da, baina Pachecok erantzun bikaina eman dio Inuiren jaurtiketari.
Gehiegi barkatu du talde armaginak aurkariaren ate aurrean, eta Alavesek partida berdindu du 40. minutuan; Machinek zuzentzen duen taldeak kontraeraso ona antolatu du, eta Edgar Mendezek bat eta batekoa jarri du markagailuan (1-1) Luis Riojaren pase ona jaso eta Dmitrovic atezaina gainditu ostean.
Bazirudien norgehiagoka berdinduta helduko zela atsedenaldira, baina lehen zatiaren luzapenean Deyversonek 2-1ekoa sartu du, area barruan baloia jaso eta errematea sare barrura bidalita.
Bigarren zatiaren hasieran Alaves izan da nagusi, nahiz eta bi taldeei asko kosta zaien abagune argiak sortzea. Eibarrek izan duen gol aukera bakarrenetarikoan, Kike Garciaren errematea Pachecok gelditu du. Ondoren, Joseluk izan du abagunea Alavesentzat, baina ez du aterik aurkitu. Talde gasteiztarreko aurrelariak zutoinera bota du jaurtiketa 78. minutuan, eta Luis Riojak alferrik galdu du partida erabakita utzi ahal izan duen aukera; Alaveseko jokalaria arean sartu da, Dmitrovic atezaina atzean utzi du, jokaldia gehiegi loratu nahi izan du, eta Eibarreko defentsek baloia lapurtu diote. Bryan Gilen jaurtiketa Pacheco atezainak gelditu du 86. minutuan, eta, lau minutu beranduago Joseluk gora jaurti du Dmitrovic atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean.
Fitxa teknikoa:
2 – Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Duarte (Jota Peleteiro, 94.min); Edgar Mendez (Martin Aguirregabiria, 73. min), Battaglia (Manu, 73. min), Pina, Luis Rioja (Adrian Marin, 89. min); Joselu eta Deyverson.
1 – Eibar: Dmitrovic; Alejandro Pozo, Esteban Burgos (Quique, 84. min), Bigas, Arbilla; Sergio Alvarez (Pape Diop, 46. min), Edu Exposito (Unai Arieta, 77. min); Pedro Leon (Kevin Rodrigues, 46. min), Takashi Inui (Recio, 60. min), Bryan Gil; eta Kike Garcia.
Golak: 0-1, 4. min. Pedro Leon; 1-1, 41. min. Edgar Mendez; 2-1, 47. min. Deyverson
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak atera dizkie Edgar Mendez (38. min), Battaglia (56. min), Tomas Pina (62. min) eta Laguardia (89. min) Alaveseko jokalariei, baita Bryan Gil (81. min) eta Unai Arieta (88. min) Eibar taldeko futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa