Alaves
2-1
A.B.
Arabako taldea 2-1eko emaitzarekin nagusitu da Mendizorrotzan. Valentzia aurreratu da Parejoren golarekin, baina talde gasteiztarrak emaitza irauli du Bastonen eta Pinaren golei esker.
Alaveseko jokalariak Valentziaren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek Valentziari 2-1 irabazita ekin dio 2019. urteari eta Arabako taldea (31 puntu) Txapeldunen Ligako postuetan da, Real Madrilek (30 puntu) igandean Realaren aurka jokatu beharreko partidan zer gertatuko zain.
Neurketak erritmo bizia izan du hasieratik, nahiz eta bi taldeek huts asko egin dituzten, eta abaguneak urriak izan diren arren. Lehiako 13. minutuan, ordea, Valentziak aurrea hartu du Parejok maisuki jaurtitako falta baten bitartez (0-1). Hala ere, pozak ez dio asko iraun Valentziari, Alavesek azkar erantzun baitio; 21. minutuan, Borja Bastonek banakoa (1-1) egin du. Alavesen aldeko korner batean, baloia Maripani iritsi zaio, jaurtiketa egin, eta Boja Bastonek ukituta, baloia sare barrura joan da.
Talde bakoitzak gol bana sartu ostean, norgehiagokak hasierako minutuetan izan duen tankera hartu du. Bi taldeei asko kosta zaie gol aukera argiak sortzea, baina 44. minutuan Rodrigok kale egin du Pachecoren aurrean jaurtiketa gehiegi gurutzatuta, Santi Minaren pase bikain bat jaso ostean. Lehen zatiaren luzapenean, Arabako taldearen aldeko korner batean, Tomas Pinak jaso du baloia area barruan, eta, 2-1ekoa sartu du jaurtiketa ona eginda.
Bigarren zatia hasi bezain laster izan du beste gol bat sartzeko aukera Alavesek, baina Laguardiaren errematea Neto atezainak desbideratu du, eta aldaratzea kanpora bidali du Laguardiak berak.
Ondoren, lehia oso parekatua izan da. Borroka handia zelai erdian baloiaren jabe egiteko, baina bi taldeetako bat ere ez da nagusitu. Azken txanpan bi taldeak saiatu dira golaren bila jotzen, baina defentsako lana gailendu da eraso-saiakeren aurrean. Neurketako 86. minutuan, abagune argia izan du Valentziak partida berdintzeko, baina Batshuayik Pacheco atezainari izkin egin ostean, Laguardia etorri da atzetik, baloia lapurtzeko eta talde bisitariaren gola eragozteko. Azken minutuetan, Abelardok zuzentzen duen taldea sendo mantendu da defentsako lanean, eta garaipena lortu du.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripán, Martin Aguirregabiria; Ibai Gómez (Sobrino, 84. min), Manu Garcia, Pina, Jony (Guidetti, 93. min); Borja Baston (Brasanac, 72. min) eta Calleri.
1 - Valentzia: Neto; Gabriel Paulista, Garay, Diakhaby, Lato (Batshuayi, 69. min); Piccini, Wass (Ferran, 62. min), Parejo, Cheryshev; Santi Mina eta Rodrigo.
Golak: 0-1, 13. min: Parejo. 1-1, 20. min: Borja Baston. 2-1, 45. min: Tomas Pina.
Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Laguardia (12. min), Navarro (25. min) eta Pacheco (82. min) Alaveseko jokalariei, baita Wass (22. min), Diakhaby (46. min), Feran (80. min) Valentziako jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa