23:11

Alaves

17. JARDUNALDIA

Calleriren gol batek garaipena eman dio Alavesi Anoetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Argentinarrak babazorroen lan ona hiru puntuekin saritu du, eta zalantzaz beterik utzi du Reala laugarren partida jarraian galdu ostean.

  • Calleri eta Sobrino lehenaren gola ospatzen.

    Calleri eta Sobrino lehenaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alavesek hiru puntuak eraman ditu Anoetatik ostiral honetan (0-1), eta egoera zailean utzi du etxean garaipen bakarra lortu duen Asier Garitanoren Reala.

Talde txuri-urdina arazoak izaten ari da defentsan, eta aurkariaren erasoaldi bakoitzak ezinegona eragiten dio. Alaves horren jakitun zen, eta hasieratik ekin dio Moyaren inguruetara hurbiltzeari, etxekoak urduri jartzeko asmoarekin. Horrela, partida hasi eta bost minutura, babazorroek lehen aukera garbia izan dute Jonyren bitartez. Asturiarra Realeko atezainaren aurrean geratu da, baina Moya arriskua aldentzeko gai izan da.

Ordea, ezin izan du gauza bera egin bost minutu geroago, gasteiztarren bigarren erasoaldi garbian. Borja Bastonek ezker hegaletik erdiratu duen baloi bat sarera errematatu du buruz Jonathan Calleri argentinarrak, etxekoen defentsaren gainetik jauzi eginda.

Reala esnatu egin da atsekabe goiztiar hori jaso ostean, eta aurkariaren areara urreratzen hasi da. Horietako argienetako batean, Theok ezker hegaletik aurrera egin eta area barruan sartu da, baina bere jaurtiketa gogorrari erantzun ona eman dio Pacheco atezainak.

Alavesek apenas pasatu du zailtasun gehiago lehen zati osoan, Realeko jokalariak oinetan zama balute bezala aritu baitira, jokoa sortzeko ahalmenik gabe.

Aitzitik, bigarren aldeari beste grina batekin heldu diote txuri-urdinek, eta abagune argia izan du Januzajek area barruan zela, baina bere saiakera desbideratuta atera da.

Alavesek, baina, sendo eutsi dio. Calleri eta Bastonek buruhauste ugari eragin dizkiete etxekoen atzelariei, eta Realak ezintasuna erakutsi du.

Dena dela, Januzaj eta Oyarzabal norgehiagokako emaitza aldatzeko zorian izan dira azken aldera. Belgikarra urrutitik egindako jaurtiketa batekin saiatu da, eta eibartarrak, bere aldetik, ezin izan du buruz behar bezala errematatu Januzajek berak erdiratutako baloi bat. Hartara, 0-1ekoa izan da nagusi markagailuan partida amaieran.

Azpimarratzekoa da 16 urteko Ander Barrenetxeak debuta egin duela Realaren aldetik. Lehen Mailan Realarekin estreinatu den bigarren jokalaririk gazteena.

Fitxa teknikoa:

Reala 0: Moya, Aritz, Moreno, Llorente, Theo (Bautista, 89. min), Illarramendi (Merino, 71. min), Zurutuza, Januzaj, Willian Jose, Oyarzabal eta Juanmi (Barrenetxea, 85. min).

Alaves 1: Pacheco, Duarte, Maripan, Laguardia, Ximo Navarro (Martin, 81. min); Joni, Wakaso, Sobrino (Manu Garcia, 73. min), Pina, Calleri eta Borja (Ibai, 66. min).

Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak: Zurutuza eta Merino (Reala); Pina, Wakaso, Duarte eta Maripan (Alaves).

Golak: 0-1, 10. min: Calleri.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena