Alaves
LALIGA, 14. JARDUNALDIA
ERREDAKZIOA
Gasteiztarrak 2-0 zeuden galtzen 62. minutuan, baina ez dute amore eman eta Ibai Gomezek egindako hiru golen bidez berebiziko garrantzia duten hiru puntu lortu dituzte.
Martin Aguirregabiria gazteak debuta egin du lehen mailan. Argazkia: EFE
Ibai Gomezek sartutako hiru golen bidez Alavesek ezinezkoa zirudien norgehiagoka bat bereganatu du Montilivin, Gironaren etxean (2-3), ligako hamalaugarren jardunaldia itxi duen partidan. Izan ere, gasteiztarrak bi gol azpitik zeuden 62. minutuan, baina Abelardo Fernandezen aginduetara dauden mutilak partida iraultzeko gai izan dira azken minutuan.
Pablo Machinek zuzentzen duen talde katalanak bigarren zatira arte itxaron behar izan du markagailuan aurretik jartzeko. Stuanik Alexis gainditu du buruz burukoan, eta Pachecoren ahalegina saihestu du, 59. minutuan. Hori gutxi ez, eta handik hiru minutura etxekoek bigarrena erdietsi dute korner batean, Juanperen burukada dela medio.
Ordura arteko Alavesen jokoa ikusita, etxekoek garaipena eskuan zutela pentsatu dute, baina egindako aldaketek mesede egin diete babazorroei. Hartara, Pedrazak ezker hegaletik egindako jokaldi batean, Ibai Gomezi eman dio baloia, eta honek gola sartu du bigarren ahaleginean; lehendabizikoa atezainak gelditu baitio, baina ezin izan du aldaratzea ekidin.
Alavesek berdinketa lor zezakeela sinetsi du, eta 87. minutuan iritsi da. Epaileak ez du zalantzarik izan Bounou Gironako atezainak Pedrazari area barruan egin dion falta argiaren aurrean penaltia adierazteko. Ibaik hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta ez du barkatu bere ahaleginean.
Norgehiagoka amaituta zegoela zirudienean eta ikusle guztiek puntu banaketa egon behar zela uste zutenean, Ibai agertu da beste behin ere. Bilbotarrak ezin hobeto baliatu du Munirrek egindako jokaldi aparta, eta area barrutik egindako jaurtiketak atezaina gainditu du hirugarren aldiz.
Horrenbestez, Alavesek bederatzi puntu ditu sailkapenean, eta salbaziotik hiru puntura jarri da. Girona, bere aldetik, 17 punturekin geratu da, sailkapenaren erdialdean.
Fitxa teknikoa:
Girona 2: Bono; Pablo Maffeo, Juanpe, Bernardo Espinosa (Jonás Ramalho, 42. min), Marc Muniesa, Johan Mojica; Pere Pons, Àlex Granell, Borja García (Douglas Luiz, 80. min), Portu (Aday Benítez, 89. min); eta Cristhian Stuani.
Alaves 3: Fernando Pacheco; Martín Aguirregabiria, Alexis Ruano, Guillermo Maripán, Rubén Duarte; Ibai Gómez, Tomás Pina (Dani Torres, 80. min), Álvaro Medrán, Mubarak Wakaso (Alfonso Pedraza, 70. min); Bojan Krkic (Burgui, 62. min) eta Munir El Haddadi.
Golak: 1-0, 59. min: Cristhian Stuani. 2-0, 62. min: Juanpe. 2-1, 71. min: Ibai Gómez. 2-2, 87. min: Ibai Gómez (penaltiz). 2-3, 93. min: Ibai Gómez.
Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horiak: Bono (Girona) eta Martín Aguirregabiria eta Rubén Duarte (Alaves).
uarte (Alaves).Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa