Beste kirolak
EHF Europa Liga
G. P. A. | EITB Media
Donostiako taldeak ezin izan du bere ohiko maila eman Fredrikstad taldearen kantxan, eta une oro atzetik joan da markagailuan. Partida ez ezik, gol-averagea ere galdu du. Bera Beraren hurrengo partida Parisen izango da, datorren igandean.
Bera Bera - Fredrikstad Ballklubb partidako irudia. EITB Media
Super Amara Bera Berak 33-24 galdu du Fredrikstad talde norvegiarraren aurka etxetik kanpo jokatu duen Europa Ligako laugarren jardunaldiko partida, eta, ondorioz, final-laurdenetara sailkatzeko aukera zaildu egin zaio. Edonola ere, oraindik beste bi neurketa gelditzen dira multzoen fasea amaitzeko.
Partida hasieratik jarri zaio aldapa gora Bera Berari. Fredkrikstad talde norvegiarrarentzat hil ala biziko neurketa zen; izan ere, ezinbestekoa zuen gaur garaipena eskuratzea Europa Ligan aurrera egiteko.
Horrenbestez, norgehiagoka irabaztera atera dira hasieratik, eta oso oldarkor jokatu dute. Zazpi jokalarirekin aritu dira erasoan, eta horrek ezustean harrapatu du Imanol Alvarezen taldea.
Bera Berari asko kostatu zaio aurkariaren erasoaldiak moztea. Gainera, defentsan ez ezik, erasoan ere ez dira fin ibili, baloi asko galdu eta hainbat jaurtiketa huts egin dituzte.
Lehen zatian, deseroso egon da Donostiako taldea. Karstenek izan ditu minutu onenak (10 gol sartu ditu, horietako 6 lehen zatian), baina, oro har, taldeak ezin izan du bere ohiko jokoa erakutsi. Gainera, atsedenaldirako hamar minuturen faltan, neurketak ihes egin dio, eta norvegiarrek 8 goleko zuloa egin dute (18-10).
Bigarren zatia hasi eta berehala, beste bi gol sartu ditu etxeko taldeak, 10 goleko errenta lortuta. Kolpea hartu du Bera Berak, baina, pixkanaka-pixkanaka, jarrera aldatu du eta azkarrago eta hobeto mugitu du baloia. Tchapchet gehiago sartu da jokoan, baloiak berreskuratuz eta golak eginda, eta taldeak nabaritu egin du.
Markagailuko tartea 5 golera murriztea lortu du (22-17), eta Imanol Alvarezen taldeak bere unerik onenak jokatu ditu. Alabaina, susperraldi horrekin emaitza iraultzea posible izango zela ematen zuenean, etxeko taldeak aurrerapausoa eman du berriro, eta berriro zabaldu du zuloa (29-21).
Joaneko partidan, Gascan, 6 goleko errentarekin (32-26) gailendu zen Bera Bera, eta gol-average horri eusteko ahalegina egin du Bera Berak azken txanpan. Saiatu saiatu dira, baina ezinezkoa izan da. Partida galdu dute (33-24), baita final-laurdenetara pasatzeko erabakigarria izan daitekeen gol-averagea ere.
Hurrengo neurketa oraindik garaipenik lortu ez duen Paris 92 taldearen aurka jokatuko du Bera Berak, Frantziako hiriburuan, datorren igandean. Gaur kolpea hartu du, baina astebete dauka aurretik bere ohiko kemena eta maila berreskuratzeko.
FITXA TEKNIKOA
33.- Fredrikstad: Jeny Utne eta Romer (atezainak); Andersen (5), Blystad (3), Sandtro (7), Elligsen, Eskerud (4), Henriksen (2), Lauritzen (1), Jorgensen (9, bi penaltiz), Solberg (2), Malene tangen, Maren Tangen eta Nordrum.
24.- Super Amara Bera Bera: Kostic eta Prades (atezainak); Elba Alvarez, Tchaptchet (4), Ogonovszky (2), Elke Karsten (9, bost penaltiz), Arrojeria (1), Laura Hernandez (1), Menendez, Etxeberria, Marie Louis, Gavilan (2), Arroyo, Rodrigues (2), Erauskin (3) eta Menendez.
Epaileak: Mihai Pirvu eta Radu Potirniche (Errumania).
Markagailua (bost minututik bost minutura): 4-1, 5-4, 8-6, 11-6, 14-9, 18-10 (atsedenaldia); 20-11, 21-13, 23-18, 28-21, 31-14, 33-24 (amaiera).
Hurrengo zuzenekoak
24 | 18:00 - 19:30 | SASKIBALOIA | Bilbao Basketi harrera Bilboko udaletxean |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa