Beste kirolak
PARALINPIAR JOKOAK
EITB MEDIA
Euskal kirolariek diziplina hauetan parte hartu dute asteazken honetan: Igeriketa, txirrindularitza, tiroa, arku-tiroa, mahai-tenisa eta gurpil-aulkiko saskibaloia.
Ander Cepas, final-laurdenetako partidan. Argazkia: EFE
MAHAI-TENISA:
Ander Cepas Basque Teameko kirolariak finalerdietarako txartela eskuratu du, final-laurdenetan Ivan Mai 3-0 menderatuta. Gipuzkoarra 11-3 nagusitu da lehenengo setean, 12-10 bigarrenean eta 11-7 hirugarrenean.
Ander Cepas, final-laurdenetako partidan. Argazkia: EFE
IGERIKETA:
Nahia Zudaire, Ivan Salguero eta Iñigo Llopis igerilariek diploma lortu dute. Arratsaldean izandako finaletan, Zudaire zazpigarren sailkatu da 400 metro libreetan, S8an, Salguerok zortzigarren postua eskuratu du 100 metro libreetan, S12an, eta Llopis zortzigarren izan da 400 metro libreetan, S8an.
Ivan Salguero. Argazkia: EFE
TXIRRINDULARITZA:
Heidi Gaugain lapurtarrak zilarrezko domina irabazi du C5 kategoriako erlojupekoan. 20:26.84ko denbora eginda, bigarren izan da, Sara Storey britainiarraren atzetik, 4,69 segundora.
Heidi Gaugain. Argazkia: EITB Media
Euskal Herrian bizi diren eta, hurrenez hurren, Espainiako selekzioarekin eta Frantziako selekzioarekin aritzen diren Eduardo Santas eta Dorian Foulon txirrindulariek zilarrezko domina (Santasek) eta brontzezko domina (Foulonek) irabazi dituzte. Hain zuzen ere, Nafarroan bizi den eta Espainiarekin aritzen den Santasek C3an bigarren postua lortu du, eta Foulon (Lapurdin bizi da) Frantziako selekzioarekin dabil, eta C5ean erdietsi du hirugarren tokia.
GURPIL-AULKIKO SASKIBALOIA:
Asier Garcia Basque Teameko jokalariak galdu egin du Espainiako selekzioarekin Australiaren kontra jokatutako partida (74-78), eta bosgarren zein seigarren izateko aukera gabe geratu da. Beraz, zazpigarren eta zortzigarren postuak eskuratzeko lehia jokatu beharko du Espainiak.
Asier Garciaren artxiboko irudia, Alemaniaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Bestalde, Agurtzane Egiluzek, Naiara Rodriguezek, Laura Ugartek eta Beatriz Zudairek bosgarren postua izango dute helburu, gurpildun aulkiko saskibaloiko lehiaketan; izan ere, lau euskal jokalariak Espainiako selekzioan dabiltza, eta Espainiak, final laurdenetan, galdu egin du, Herbehereen aurka, 61-43. Zudairek hamabi puntu sartu ditu, Egiluzek bi, eta Rodriguez hogei minutuz izan da kantxan. Hala, Espainiak ezin izango du dominen lehian, eta bosgarren tokia eskuratzen saiatuko da.
TIROA:
Fernando Michelena finalerako txartelik gabe geratu da R9 kategoriako 22 kalibreko errifleko 50 metroko proban. Donostiarra hamargarren izan da, 620,7ko puntuazioarekin. Finalerako txartela ematen zuen zortzigarren postutik 0,7 puntura geratu da.
Fernando Michelena. Argazkia: Basque Team
ARKU TIROA
Arku tiroan, final zortzirenetan, banakako kanporaketan, arku errekurbatuko Open txapelketan, Guillaume Toucoullet lapurtarra at gelditu da, Hector Julio Ramirez kolonbiarrak mendean hartuta. Kanporaketa bosgarren setean erabaki da; horretan, Toucoullet 26-28 gailendu da, eta, horrenbestez, final-laurdenetarako sailkatzeko behar zituen bi puntuak eskuratu ditu.
Guillaume Toucoullet, artxiboko irudian. Argazkia: EITB Media.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa