Beste kirolak
OLINPIAR JOKOAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Paris 2024: atletismoa, skatea, futbola eta belar-hockeya.
Asier Martinez, bigarren txandako lasterketan. Argazkia: EFE
Hauxe da, astearte honetan, abuztuaren 6an, 2024ko Parisko Joko Olinpikoetan euskal atletek egindako jardunaren laburpena:
SKATEA
Naia Laso Bermeoko skater gazteak (15 urte) diploma olinpikoa eskuratu Parisko Olinpiar Jokoetan, skate parkeko finalean zazpigarren tokian sailkatu eta gero. Sailkapen txandan min hartu ondoren aritu da finalean Laso, eta bere jarduerari eragin dio horrek; hala ere, Basque Teameko kideak sailkapen txandan baino puntuazio hobea lortuta (82.49) esan dio agur Parisi.
Naia Laso, lehian. Argazkia: EFE
BELAR HOCKEYA
Herbehereetako selekzioak erabateko nagusitasunez gainditu du Espainiakoa finalerdietako partidan (4-0). Ondorioz, Chefo Basterra eta Rafa Vilallonga bizkaitarrak brontzezko domina lortzeko lehiatuko dira Alemaniak eta Indiak elkarren aurka jokatuko duten beste finalerdiko galtzailearen aurka. Txapelketako hirugarren tokia eskuratzeko norgehiagoka hori ostegunean izando da, 14:00etan.
Chefo Basterra Herbehereetako atezaina gainditu nahian. Argazkia: EFE
ATLETISMOA
Asier Martinez atleta nafarrak 110 metro hesidunetako finalerdietarako txartela lortu du astearte honetan Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan.
Asier Martinez, hesi bat gainditzen. Argazkia: EFE
Iruindarrak bigarren aukerako seriea jokatu behar izan du, eta bigarren sailkatu da bere proban, 13,46 segundoko denborarekin. Ondorioz, asteazken honetan 19:05etik aurrera jokatuko diren finalerdietako hiru serieetako batean izango da Martinez.
Bestalde, John Cabang Irurako (Gipuzkoa) atletak, Filipinetako selekzioa ordezkatuz Martinezen modalitate berean parte hartzen zuenak, ez du bere txandan parte hartzerik izan, eta, beraz, lehiaketatik kanpo geratu da korritu gabe.
Tessy Ebosele ez da luzera-jauziko finalera igaro
Tessy Ebosele arabarra ezin izan da sailkatu luzera-jauziko lehiaketako finalera, 12 marka onenetatik urrun geratu baita.
Tessy Ebosele, bere jauzietako bat egiten. Argazkia: EFE
Eboselek 6,09 metroko jauzia egin du, dominen lehian sartzeko aukerarik gabe.
Lau atleta bakarrik sartu dira zuzenean finalean 6,75 metrotik gora eginda, gainerakoak hurrengo 8 erregistro onenengatik egin dute aurrera.
FUTBOLA
Irene Paredesek, Oihane Hernandezek, Lucia Garciak eta Elene Letek brontzezko domina izango dute jokoan, Espainiako selekzioarekin, ostiralean, hilaren 9an, 15:00etatik aurrera, Alemania aurkari. Espainiako taldeko lau euskal jokalariak Bibiane Schulzeren Alemaniaren aurka arituko dira; izan ere, Espainiak, Marseillan, 4-2 galdu du, Brasilen kontra, futboleko txapelketako bigarren finalerdian.
Irene Paredes hasierako hamaikakoan izan da, eta Oihane Hernandezek bigarren zatia jokatu du.
Brasilek argi menderatu du Espainia. Argazkia: EFE.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa