Beste kirolak
LIGA
EITB Media
Bera Berak asko sufritu du Elxen. Partida ia guztia atzetik joan da markagailuan, baina, azkenean, neurketari buelta eman dio eta denboraldiko hirugarren titulua eskuratu du.
Bera Berako jokalariak, Ligako garaikurra eskuan dutela. Argazkia: EFE
Bideoak (1)
Super Amara Bera Berak irabazi du Espainiako Ohorezko Mailako Liga, finalean Elx mendean hartuta. Bueltako partida 27-27 amaitu da, baina joanekoan, Gascan, 30-26 nagusitu zen Donostiako taldea, eta, ondorioz, titulua bereganatu du.
Etxetik kanpo jokatuta eta aurrean talde handi bat izanda, Bera Berak asko sufritu du. Partida ia osoan atzetik joan da, laupabost goleko aldearekin, baina neurketaren azken txanpan norgehiagoka berdintzeko gai izan da, eta azken minutuetan Elx baino hobeto aritu da. Horrenbestez, Imanol Alverezen taldeak denboraldiko hirugarren titulua lortu du, aurrez Erregina Kopa eta Superkopa eskuratu baititu.
Defentsan sendo eta erasoan ausart jokatuz hasi du partida Bera Berak, eta berehala aurreratu da markagailuan, penaltiz sartutako golarekin. Alabaina, 13. minutuan, Elxek partida 5-5 berdintzea lortu du, Bera Bera atezainik gabe geratu dela baliatuta, eta 19. minutuan lehen aldiz jarri da aurretik Elx (8-7).
Bera Berak hainbat akats egin ditu erasoko jokoan, eta taldean zalantzak sortu dira orduan; Elxek, berriz, gora egin du, eta lau goleko abantaila hartu du (13-9). Lehen zatiko azken laurdunean, Joaquin Rocamoraren taldea nagusi izan da, eta Bera Berak asko sufritu du, baina partidan sartuta joan dira atsedenaldira bisitariak (15-11).
Aldagelatik bueltan, Bera Bera saiatu da defentsan eta erasoan lan hobea egiten. Ez du amore eman, eta 40. minutuan lortu du bost goleko aldea hirura murriztea (20-17).
Lehen zatian ez bezala, Maddik geldiketa erabakigarriak egin ditu bigarrenean, penalti bat tartean, eta Bera Berak partida berdintzea lortu du (23-23), partida amaitzeko zortzi minutu falta zirenean.
Jarraian, Lydia Blancok egin du gola, eta markagailua irauli du (23-24). Tentsio handiko uneak izan dira, eta partidaren azken minutura berdinduta iritsi dira (26-26). Etxeberriak sartu du 27. gola, eta Aallak geldiketa bikaina egin du partida amaitzeko segundo baten faltan, luzapena saihestu eta titulua Bera Berari emateko.
FITXA TEKNIKOA
27 - Atticgo Elx (15+12): Nicole Morales (1); Do Nascimento (2), Maria Flores (1), Wolfs (3), Paola Bernabe (1), Patricia Mendez eta Oppendal (2) -lehen zazpikotea-; Danila So Delgado (7, 1 penaltiz), Van Zijl (2), Zhukova, Zaira Benítez (4), Clara Gasco (2), Celia Guilabert (2), Carratu, Nuria Andreu eta Kelly Rosa.
27 - Super Amara Bera Bera (11+16): Aalla; Etxeberria (2), Mariane Fernandes (3), Lindie Tchaptchet (7), Laura Hernandez (1), Boada (2 penaltiz) eta Arrojeria (2) –lehen zazpikotea-; Gavilan, (1) Alice Fernandes, Alba Menendez (1), Cavo, Karsten, Carmen Arroyo (5, 4 penaltiz), Loidi, Lydia Blanco (1) eta Erauskin (2).
Epaileak: Oyarzun Aylagas eta Zaragueta Ruiz. Bi minuturako kanporatu dituzte Maria Flores, Karsten, Etxeberria eta Alba Menendez.
Hurrengo zuzenekoak
03 | 15:30 - 17:30 | CROSSFIT | Basque Crossfit Txapelketa |
03 | 17:00 - 20:00 | PELOTA | 4 t'erdiko ligaxka: Altuna III vs Zubizarreta III |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa