Beste kirolak
Golfa
EITB MEDIA
Barrikako golf jokalariak Europako puntu-zerrendaren bidez ziurtatu du txapelketan egotea. 44. Ryder Kopa Italian jokatuko dute, Marco Simone Golf and Country Club zelaian, Erromatik gertu, irailaren 29tik urriaren 1era bitartean.
Jon Rahm, uztailean, Britainia Handiko Irekian. Argazkia: EFE.
Jon Rahmek 2023ko Ryder Kopan parte hartuko du asteazkenean Europako taldeak baieztatu duenez, bere postua Europako puntu-zerrendaren bidez ziurtatu baitu. 44. Ryder Kopa Italian jokatuko dute, Marco Simone Golf and Country Club zelaian, Erromatik gertu, irailaren 29tik urriaren 1era bitartean, eta Barrikako golf jokalaria (munduko sailkapenean hirugarrena) hirugarren aldiz jarraian arituko da txapelketa horretan.
Hala, Rahm (29 urte) 2018an eta 2021ean ere lehiatu zen Ryder Kopan, eta ondo ibili zen bi ekitaldi horietan. 2018an, Parisen, Europak AEB menderatu zuen, eta 2021ean, aldiz, Whistling Straitsen, AEB nagusitu zen. Orain, 2023an, beste behin izango da Europako taldean, Luke Donald kapitain dutela.
Orain arte, bizkaitarrak zortzi partida jokatu ditu Ryder Kopan. Horietako lau irabazi ditu, hirutan galdu egin du eta beste batean puntu erdia lortu. Guztira, beraz, 4,5 puntu eskuratu ditu.
Bere ibilbidean, bi txapelketa nagusi poltsikoratu ditu: 2021eko Estatu Batuetako Irekia, eta 2023ko Augustako Mastersa. Uztailean, Erresuma Batuko Irekian, bigarren postua lortu zuen.
Jon Rahmek ez ezik, Rory McIlroy iparrirlandarrak ere bermatuta du Ryder Kopan parte hartzea; izan ere, McIlroy bigarren dago munduko sailkapenean.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa