Beste kirolak
Zugaztieta (Trapagaran)
Agentziak | EITB MEDIA
24 urteko jokalariak azken ibilbide bikaina egin du, jardunaldi bakar batean zelai horretan egindako kolpeen marka hobetuz; 62 kolpe (-10).
Borja Martin (ezk.), Txema Olazabal eta Adrian Otaegui. Argazkia: Efe.
Borja Martin donostiarra gailendu da Bizkaia PGAe Open golf txapelketan, orotara 196 kolpe eginda. Trapagaranen jokatu dute, Zugaztietako Meaztegi Golf zelaian, eta Adrian Otaegui gipuzkoarra, munduko sailkapeneko 86.a, bigarren izan da bertan, ibilbidea bukatzeko irabazleak baino bi kolpe gehiago emanda.
Martinek 24 urte ditu, eta Basque Teameko kidea da, Txema Olazabalen ardurapean. Garaipena azken itzulian egindako lan bikainari esker lortu du: zelaian egun bakar batean egindako kolpeen marka ondu du, 62 kolpeko txartela aurkeztuta (-10). Meritu handiko marka ezarri du, haizeak zenbait momentutan jokoa oztopatu duela kontuan izanda.
Adrian Otaeguik, bere aldetik, 66 kolpeko txartela aurkeztu du, aurreko bi egunetan bezala, eta bigarren postua erdietsi du horrela, irabazlearengandik bi kolpera eta Jose Manuel Pardo hirugarren sailkatuari bost kolpeko aldea aterata. Madrildarrak 71 kolpe egin ditu, eta -13ko txartel orokorrarekin amaitu du txapelketa.
Marc Sabriá kataluniarrak sailkapeneko lehen postuan hasi du azken jardunaldia, baina 73 kolpe behar izan ditu ibilbidea betetzeko, kolpe bat zelaiaren parraren gainetik; hori dela eta, laugarren postura jaitsi da azkenean. Samuel del Val bilbotarra izan da bosgarren (-11), euskal jokalariek egindako lan bikaina biribilduz: lehen bost postuetan hiru euskal jokalari sartu dira.
Azkenik, Txema Olazabal 32. postuan geratu da, 218 kolperekin, igandeko jardunaldian parraren gainetik kolpe bateko txartelarekin amaitu ostean.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa