Beste kirolak
GOLFA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatubatuarra gutxienez bost txapelketa handi dituzten hogei jokalariz osatutako multzoan sartu da.
Brooks Koepka, irabazlearen garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Brooks Koepka golf jokalariak PGA Txapelketa irabazi du igande honetan, azken ibilbidean 67 kolpeko txartela egin eta guztira parretik behera 9 kolpeko emaitza lortuta. Haren atzetik geratu dira Viktor Hovland norvegiarra (-7) eta Scottie Scheffler (-7) estatubatuarra, bi kolpera.
Bart irabazitakoa PGAko bere hirugarren txapela da Koepkarentzat, 2018an eta 2019an ere irabazi baitzuen, baita bere bosgarren txapelketa handia (major) ere, Estatu Batuetako Irekiko txapeldun izan baitzen 2017an eta 2018an.
Saudi Arabiako LIV Golf txapelketa polemikoko kide izanik major bat irabazi duen lehen golf jokalaria da Koepka. Horrez gain, gutxienez bost txapelketa handi bereganatu dituzten 20 jokalariekin berdindu du. Eta PGA txapelketei dagokienez, Gene Sarazen eta Sam Snead golflari entzutetsuak harrapatu ditu sailkapenean, hiru garaikurrekin. Dena den, oraindik bere aurretik daude Tiger Woods (4) eta Walter Hagen zein Jack Nicklaus (5).
Eguneko txartelik onenak Cam Davis eta Cameron Smith australiarrek, Sepp Straka austriarrak eta Kurt Kitayama eta Scottie Scheffler estatubatuarrek aurkeztu zituzten, 65 kolperekin.
JON RAHMEK MUNDUKO LEHENA IZATEARI UTZI DIO
Schefflerrek garaipena lortzeko aukera izan zuen. Izan ere, 18. zuloan lortutako birdieak presioa sortu zien atzetik zetozen Koepka eta Hovlandi. Dena den, txapelketan erdietsitako bigarren postuari esker, Schefflerrek munduko lehen postua berreskuratu du, sailkapen nagusian Rahm gaindituta.
Horrenbestez, Scheffler dago orain munduko sailkapeneko lehen postuan, 10,96 batez besteko puntuazioarekin, Rahmek baino lau hamarren gehiagorekin (10,56). Hirugarren tokian, Rory McIlroy iparrirlandarra dago, 8,32rekin.
Jon Rahm, PGA txapelketan parte hartzen. Argazkia: EFE
PGA Txapelketan izandako emaitza onari esker, FedExCup-eko sailkapenean ere asko gerturatu zaio Scheffler Rahmi; izan ere, Barrikakoak sailkapenaren buruan jarraitzen badu ere, 715 puntuko aldea baino ez dago orain bien artean.
Rahmek 71 kolperekin itxi zuen bere azken itzulia, hau da, zelaiko parraren gainetik kolpe batera. Hortaz, guztira parraren gainetik 7 kolpeko emaitza kaxkarra pilatu zuen, hasierako aurreikuspenetatik oso aldenduta.
MICHAEL BLOCK FENOMENOA
Aitzitik, txapelketan zehar heroi bat egon bada, hori Michael Block izan da, Kaliforniako golf klub batean golf irakasle gisa aritzen dena. Gonbidapen bati esker parte hartu du txapelketan, eta asteburuan lehiatzeko sailkatzeaz gain, munduko onenen mailan aritu da.
Txapelketari gatza eta piperra jarri dion jokalarietako bat izan da. Publikoarekin izan duen harremana erabatekoa izan da, baina txalo zaparrada handiena igandean jaso zuen, kolpe bakarrarekin pilota hamabosgarren banderako zulo barruan jarri zuenean, greenean boterik eman gabe.
Michael Block, ikusleak agurtzen. Argazkia: EFE
Blockek 15. amaitu du behin betiko sailkapenean, eta 2024ko edizioan tokia izatea bermatu du. Alabaina, datorren astean klaseak ematera bueltatuko da Kaliforniako Arroyo Trabuco Golf Cluben, eta ziur eskola guztiak eskatuta izango dituela. 125 dolar kobratzen ditu 45 minutuko klasearen truke.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa