Beste kirolak
Beijing 2022
EITB MEdia
Manex Salsamendi 58. postuan heldu da eta Alexander Bolshunovek urrezko domina erdietsi du.
Imanol Rojok ahalegin handia egin du Beijingeko Jokoetako bere azken proban 21. postua lortzeko. Hasiera batean 50 kilometrokoa izan behar zuen lasterketa 30 kilometrora laburtu behar izan dute, eta espero baino ordubete beranduago hasi da, Zhangjiakouko iraupen-eskiko Zentro Nazionala gaur astindu duten haize-bolada bortitzek eraginda. Erabaki horrek ez dio batere mesederik egin tolosarrari, distantzia handietan erosoago baitago, 50 kilometrokoa bere proba fetitxea izanik.
"Amorrua eman dit, 4 urte neramatzalako karrera prestatzen. Berdin dio 30 eda 50 egiteak, lasterketan zaudenean berdin dio. Laburtuz gero, ez da haize eta hotz gutxiago egongo. Gustatuko litzaidake 50 kilometroak korritzea, seguruenik postu hau hobetuko nukeelako" esan du Imanolek proba amaitzean.
Rojok aurreko elkarrizketetan ohartarazi zuen, gaurkoa haizeak markatutako eguna izango zela, eta gakoetako bat taldean babestuta egotea zela. Lehen kilometroetan ederki bete du bere lana, baina 15. kilometrotik aurrera lasterketaren zatirik handiena bitan moztuta geratu da, Imanol bigarren multzoan utziz. 17 eskiatzailek ihes egin dute eta horien artean faborito nagusiak zeuden: Bolshunov, Holund, Krueger, Manificat edo Dario Cologna, besteak beste. Errusiarrak tiraka hasi dira, eta ondorioz lehiakide batzuk arazoak izaten hasi dira, hala nola Norvegiako izarra, Joko hauetan lau domina irabazi dituena, Johannes Klaebo. Denbora galtzen hasi da eta azkenean lasterketa uztea erabaki du. Horrek erakusten du gaurko lasterketa zein gogorra izan den.
16,8 kilometrotan, Imanol 21. tokian zegoen, bigarren taldean gora eginez. 22.3 kilometroko erreferentzia igarotzean, 19. postura igo da (+2.07.7), Salvadori italiarrarekin, Pralong suitzarrarekin edo Baba japoniarrekin azpitalde txiki batean babestuta. 23.9 kilometroan 17. postuan zegoen (+2:18.2), gaurko egunean lortutako onena. Azken bost kilometroetan Basque Teameko kirolariak eutsi egin dio eta helmugaratzea esprintean jokatu da. Azkenean 21. postuan sartu da helmugan, 1:14:50.5eko denborarekin (+3:17.8), Sotxi 2014an eta Pyeongchang 2018an lortutako 33. postua hobetuz.
"Joko hauen balorazio oso positiboa egiten dut. Nire postu guztiak distantzia guztietan hobetzea oso positiboa da, baina probaren batean postu hoberen bat egin nezakeela uste dut. Distantzia bakoitzean postuak hobetzen doazen bitartean, pozik egon behar dut. Beijingen ondoren, Munduko Kopako hiru asteburu geratzen dira orain, eta ahalik eta gehien ematen saiatuko gara" aitortu du Imanolek.
Manex Salsamendi Silva nafar-brasildarrak, bestalde, 58. postuan bukatu du 1:33:11.8ko denborarekin (+21:39.1).
Lasterketa buruari dagokionez, errusiarrek eta norvegiarrek erakustaldia eman dute gaurko egunean. Aurreikusitako gidoia karrera erditik aurrera bete da, gutxi gorabehera. Maltsev, Bolshunov eta Yakimushkin errusiarrek asko sakatu dute, oso lasai, eta azken kilometroetan Bolshunoven enbidoak hilgarriak izan dira. 27.2 kilometroetan Bolshunov tiraka hasi da, gupidarik gabe, podiuma erabakita uzteko.
Alexander Bolshunovek urrezko domina erdietsi du.
Esquí de fondo
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa