Beste kirolak
BEIJING 2022
BASQUE TEAM | EITB MEDIA
Basque Teameko snowboardlari donostiarrak olinpiar loria bilatuko du ostegun goizean.
Lucas Eguibar Beijingo Jokoetan urre olinpikoaren bila. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Lucas Eguibar, snowboardcrosseko Munduko txapelduna, 2022ko Beijingeko Jokoetan urre olinpikoa lortzeko faboritoen artean dago. Proba gaur goizaldean jokatuko da Zhangjiakoun (sailkapena 04:15etan Euskadin, lasterketa 07:00etan).
2017ko Sierra Nevadako Munduko Txapelketetan zilarrezko bi domina eta 2014ko Sotxiko Jokoetan diploma bat irabazi zituen kirolariak. Txinan jokatuko ditu bere hirugarren Joko Olinpikoak, Pyeongchang 2018ko arantzatxoa ateratzeko asmoz, ezin izan baitzuen nahi zuen helburua lortu. Basque Teameko kirolaria bere kirol ibilbide osoan izan duen proba garrantzitsuenaren atarian dago.
"Lasai nago. Lasterketa eta jaitsiera bakoitzean edozer gauza gerta daiteke, baina nik borroka egingo dut", ziurtatu du donostiarrak Espainiako Batzorde Olinpikoak probaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan.
Bizkarrean dituen lesio eta minak, oraingoz, kontrolatuta daudela dirudi. "Askoz hobeto nago fisikoki. Minduta daukat, baina askoz eramangarriagoa da. Fisikoki Txinako Munduko Kopara baino askoz hobeto iritsi naiz. Cortinan indartsu nagoela erakutsi nuen eta aurrean egon naitekeela uste dut", adierazi du Eguibarrek.
Bere aurkariak izan daitezkeenei dagokienez, Alessandro Hämmerle, Martin Noerl alemaniarra eta Eliot Grondin kanadarra izendatu ditu: "Alesandro oso indartsu dago, Noelek entrenamenduetan denborarik onena egin zuen atzo eta Grondin hirugarren izan zen, baina lasterketan nire instintuari jarraitu behar diot".
Pista zaila den arren eta bere entrenatzailea den Mario Fuchs austriarra covid-19agatik Txinara bidaiatu ezin izan duen arren, Lucas baikor agertu da: "Motibatuta nago. Cortinako lasterketa ona izan zen eta ondo iristen naiz. Fisikoki ondo entrenatu ahal izan dut. Egiten ari garen lana fruituak ematen ari da eta horrek motibazio handia ematen du".
Eguibar Beijingera heldu da orain dela urte bete Suediako Idre Fjäll zirkuituan orain arteko bere lorpen nagusia, Munduko titulua erdietsi ondoren. 2015eko Kristalezko Globoaren jabeak ez zuen hasiera ona izan denboraldi honetan Munduko Kopan, baina hirugarren izan zen Cerviniako proban Gabonak baino lehen, eta Pekinera iritsi da urtarrilaren amaieran Cortina d 'Ampezzon bosgarren postua lortu ondoren.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa