Beste kirolak
Eskubaloia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiarrek bost goleko abantaila izan dute bi aldiz, baina errumaniarrek talde ona direla azaldu eta, azkenerako, itzulerako partida ere bereganatu dute.
Bera Bera eta Valceako jokalariak elkar agurtzen. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Albisteak (2)
Super Amara Bera Berak galdu egin du Ramnicu Valcearen aurkako kanporaketako itzulerako partida ere, eta, hartara, EHF-ren Europa Ligako multzoen fasetik kanpo geratu da.
Imanol Alvarezen neskek erronka zaila zuten aurretik; izan ere, sei goleko aldeari eman behar zioten buelta txapelketan aurrera egin ahal izateko, Errumanian jokatutako joaneko neurketan 28-34 galdu baitzuten, eta uneren batean kontrako alde hori berdintzetik gertu egon badira ere (gol bakarrera izan dira), partidaren amaieran asmatzea falta izan zaie.
Hala, ederto ekin diote neurketari, bosgarren minutua bete orduko 3-0ko partziala erdietsi baitute. Dena den, bisitariek laster murriztu dituzte aldeak (3-2, 4-3, eta 5-4), baina betiere gipuzkoarrak agintzen zebiltzala. Errumaniarrak gogor aritu dira defentsako lanean, eta bi minutuko hainbat kanporatzerekin ordaindu dute euren gogortasuna.
Etxekoek ez dute egoera horik alperrik pasatzen utzi, eta berriro ere markagailuan alde egiteko baliatu dute (7-4, 9-5 eta 10-6). Bost goleko errenta ezin hobea lortzeko gai ere izan dira partidaren atsedenaldia heltzeko apenas 40 segundo falta zirela (14-9), baina Valceakoek lauan utzi dute emaitza aldageletarako bidean (14-10), azken segundoan egindako jaurtiketa batekin, etxekoen atezainari hankartetik pasatu zaiona.
Bigarren zatiaren hastapenean, etxekoek berriro lortu dute bost goleko tartea (16-11, 32. min), kanporaketa erabat irekita uzten zuena. Haatik, errumaniarrak aurkari latza zirela erakutsi dute, eta gol batera hurbildu dira berehalako batean. Batez ere, Imanol Alvarezen taldeak zazpi jokalarirekin eta atezainik gabe jokatutako zenbait erasoaldi txar aprobetxatu dituzte bisitariek, atea hutsik zegoela gola egiteko (16-15, 36. min).
Gipuzkoarrek ekinean jarraitu dute, eta berriz ere lau goleko errenta bereganatzeko ahalmena izan dute (21-17 eta 22-18) amaierarako 15 minuturen faltan. Alabaina, orduan, errumaniarren atezaina gelditu eder batzuk egiten hasi da, eta bere taldekideek kontraerasoan ez zuten barkatzen. Ondorioz, apurka-apurka etxekoen itxaropenak ahultzen joan dira, eta, azkenerako, kanporaketa ez gainditzeaz gain, garaipenik gabe geratu dira itzuliko neurketan ere.
Fitxa teknikoa:
27- Super Amara Bera Bera: Alice Fernándes, Gil (2), Boada, Cavo (3), Polonio (1), Oliveira Fernandes (1), Etxeberria (8), Arrojeria (3), Menéndez (1), O´Mullony, Cesáreo (1), Ugartemendia, Hernández (4, 3 penaltiz), Loidi (3, penaltiz), Moreno eta Bautista.
29 - Ramnicu Valcea: Hosu, Roch (1), Glibko (1, penaltiz), Klikovac (9), Bucur (2), Florica (1), Batinovic, Liscevic (1), Mireya González (2), Florica (2), Elghaoui (1), Gorshenina (4), Levchenko, Dache (3), Lupei, Dascalete eta Nikolic (2, penaltiz).
Epaileak: Malgorzata Lidacka eta Urszula Lesiak (Polonia). Kanporatutakoak: Alba Menéndez, Cavo, Cesáreo, Polonia, Dache, Florica, Lupei, Gorshenina, Klikovac, Mireya González.
Emaitza, golez gol:
1. zatia: 1-0, 2-0, 3-0, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 6-4, 7-4, 7-5, 8-5, 9-5, 9-6, 10-6, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 13-9, 14-9, 14-10.
2. zatia: 14-11, 15-11, 16-11, 16-12, 16-13, 16-14, 16-15, 17-15, 18-15, 18-16, 19-16, 19-17, 20-17, 21-17, 21-18, 22-18, 22-19, 22-20, 23-20, 23-21, 24-21, 24-22, 24-23, 25-23, 25-24, 25-25, 25-26, 26-26, 26-27, 27-27, 27-28, 27-29.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa