Beste kirolak
Eskubaloia
A. B. E. | EITB Media
Irungo taldeak ez dio ondo ekin Europako ibilbideari, etxeko taldea 27-25eko emaitzarekin gailendu baitzaio Eslovakian jokatu den neurketan.
Albisteak (2)
Bidasoa Irunek galdu egin du Tatran Presoven aurka (27-25) astearte honetan jokatu duen Europako Eskubaloi Federazioaren (EHF) Europa Ligako A multzoko lehen jardunaldiko partida. Ondorioz, euskal taldeak ez dio ondo ekin txapelketari.
Neurketako lehen gola etxeko taldeak sartu duen arren (1-0), Bidasoa Irunek bi gol jarraian sartuta erantzun du (1-2). Talde eslovakiarrak lehia berdindu du (2-2), gero talde gipuzkoarra izan da bi goleko abantaila hartu duena (3-5), baina Tatran Presovek berdinketa jarri du markagailuan berriro (5-5). Ondoren, Bidasoa Irunek bi goleko errenta lortu du, nahiz eta etxeko taldeak ez dion ihes egiten utzi. Bederatzinako (9-9) berdinketaren ostean, aurrea hartu du Tatran Presovek (10-9) lehen zatia amaitzeko lau minutu falta zirenean. Neurketa zail jarri zaion arren, Bidasoa Irun ez da urduri jarri, lanean jarraitu du, eta lehen ordu erdiko azken minutuetan parekotasuna izan da nagusi (10-10 eta 11-11). Atsedenaldira gol bateko abantailarekin iristeko aukera izan du Bidasoa Irunek, baina lehen zatia bukatzeko hiru segundo falta zirenean berdinketa jarri du markagailuan talde eslovakiarrak (12-12), Recicarren golari esker.
Atsedenaldiak ez dio mesede egin Gipuzkoako taldeari; bai, ordea, Tatran Presovi. Bidasoa Irun ezinean ibili da hasierako minutuetan, eta talde eslovakiarrak sei goleko abantaila eskuratu du (18-12). Ia hamar minutu eman ditu Bidasoa Irunek gola sartu gabe, eta kostata izan bada ere, penaltiz sartu du 18-13koa.
Maldan gora jarri zaio norgehiagoka Bidasoa Iruni, baina Jacobo Cuetarak zuzentzen duen taldeak ez du etsi, eta desabantaila murriztea lortu du (20-16). Lau golera gerturatu ostean, aurkaria baino hobeto jokatzen jarraitu du talde gipuzkoarrak, eta gol bakarrera hurbildu da partida amaitzeko 11 minutu falta zirenean (20-19).
Tatran Presoven aldeko 22-21ekoaren ostean, Bidasoa Irunek neurketa berdintzeko aukerak izan ditu, baina barkatu egin du, eta horretaz baliatu da etxeko taldea, abantailarekin jarraitzeko.
Partidaren azken txanpan, behin baino gehiagotan gerturatu da gol bakarrera Bidasoa Irun, baina aurkaria gerturatzen zitzaion bakoitzean errenta bi golera handitu du talde eslovakiarrak, eta, azkenean, garaipenak ez dio ihes egin Tatran Presovi (27-25).
Fitxa teknikoa:
27.- Tatran Presov: Colodeti (Leben), Rabek (3, 2 penaltiz), Santos, Souza Pacheco (6, 2 penaltiz), Linhares de Souza (4), Recicar, Kirill Radcenko, Alexander Radcenko, Kasatkin (1), Kravcak, Lopez Garcia (6, 3 penaltiz), Michalka (1), Caballero (5, 2 penaltiz), Fech (1).
25.- Bidasoa Irun: Ledo (1) (Sierra), Zabala (1), Victor Rodriguez (2), Tesoreriere, Da Silva, Salinas (2), Aginagalde (5), Odriozola (2), Adrian Fernandez (3, 1 penaltiz), Ugarte (3), Cavero (2), Leo Renaud (3), Azkue (1), Nieto, Santano.
Epaileak: Krovath eta Marton (Hungaria). Recicar, Rabek, Kasatkin, Tesoriere (2) eta Da Silva jokalariak egotzi dituzte.
Emaitza bost minutuan behin: 2-2; 3-5; 5-6; 7-8; 8-9; 12-12 (atsedenaldia); 16-12; 18-13; 20-16; 22-21; 24-23; 27-25.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa