11:15

Beste kirolak

TOKIO 2020 | PIRAGUISMOA

Iñigo Peña zuzenean sailkatu da finalerdietara

EITB MEDIA

Zumaiakoa, Paco Cubelos ontzikidearekin batera, nagusi izan da K2-1.000 metroko hirugarren sailkatze-seriean.

  • Paco Cubelos (ezkerrean) eta Iñigo Peña (eskuinean), bere sailkatze-fasean.

    Paco Cubelos (ezkerrean) eta Iñigo Peña (eskuinean), bere sailkatze-fasean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Tokioko Jokoetan piraguismoko K2-1.000 metroko esprint modalitatean lehiatzen ari den Iñigo Peña zumaiarraren eta Paco Cubelosen ontzia finalerdietara pasatu da zuzenean, final-laurdenak jokatu beharrik gabe. Izan ere, euren txanda, goizeko hirugarrena, menderatu dute, Txinaren, Errusiako Batzorde Olinpikoaren, Hungariaren eta Samoaren aurretik helmugaratuta. Txanda bakoitzeko lehen bi ontziak zuzenean pasatu dira hurrengo fasera.

Peñak eta Cubelosek 3:10.138ko denbora egin dute, jardunaldiko hirugarren onena. Australiak (3:08.773) eta Alemaniak (3:09.830) bakarrik hobetu dute horien denbora. Alemaniako bikotea egungo munduko txapelduna eta txapeldun olinpikoa da.

"Helburua lehenengo bien artean sailkatzea zen biharko indarrak gordetzeko", adierazi dio Peñak Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Maila honetako proba batek eskatzen duen esfortzua handia izan arren, Iñigok eta Pacok indarrak gorde omen dituzte, euren seriean jaun eta jabe izan baitira. Irteera ona egin ondoren, lehen 250 metroetako buia bigarren igaro dute, eta 500 metroetakoa hirugarren, baina 750 metroetakoa lehen postuan gainditu dute.

Peñak eta Cubelosek badakite faborito nagusietakoak direla Tokioko Jokoetan dominak irabazteko, 2018 eta 2019ko munduko txapelketetan zilarra lortu baitzuten; alabaina, finalerdiak zailak izango direla esan dute, sei ontzi arituko baitira txanda bakoitzean eta lau bakarrik igaroko direlako finalera.

"Finalerdiak oso gogorrak izango dira. Azkenean 12 ontzi geratu gara eta zortzi sailkatuko dira finalera. Kanpoan geratuko diren K2ak oso indartsuak izango dira, eta oso adi irten beharko dugu finalerdian, lan egitera eta ezustekorik ez izatera. Pausoz pauso joan behar da", ohartarazi du Basque Teameko arraunlariak.

Iñigo Peñak eta Paco Cubelosek bihar, abuztuaren 5ean, jokatuko dute finalerdia, Euskadin 03:34 direnean. Finalera sailkatuz gero, 05:55ean jokatuko dute.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena