Traineruen Eusko Label Liga 2022, egutegia, emaitzak eta azken orduko albisteak
#-eusko_label_home-#
Getariako Ikurrina
L. E. A. | EITB MEDIA
Azken luze zirraragarriaren ostean, Donostiarra 'Bou Bizkaia'ren aurretik sartu da helmugan. Bermeok nahikoa zuen Zierbenaren aurretik sartzearekin Eusko Label Liga hirugarrenez jarraian irabazteko.
Donostiarrak denboraldiko bigarren ikurrina irabazi du, Getarian gailenduta, eta nola gainera. Arkaitz Diazen ontziak lehia sutsua izan du Urdaibairekin. Bermeoko ontzia bigarren izan da azkenean, 8 ehunen gehiago eginda, eta horrekin nahikoa izan du Eusko Label Liga hirugarrenez jarraian irabazteko, denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta diren arren.
Bou Bizkaiak bi helburu nagusi zituen estropadaren atarian: ikurrina irabaztea (euren historiako 99. bandera) eta Zierbenaren aurretik helmugaratzea, horrekin nahikoa baitzuen ligako koroa irabazteko, galipoak 25 puntura baitzituen sailkapen nagusian.
Zierbenak hartu du aurrea, hain zuzen, ohorezko txanda hasi eta berehala. Oriok bigarren txandan egindako 21 minutu eta 22 segundoko denbora izan dute erreferentzia gisa. San Nikolas ontziak denbora ona egin du, eta oso nagusi izan da bigarren txanda horretan.
Zierbena azkarrena izan da lehen ziabogan, eta Donostiarrak eta Urdaibaik bi segundo gehiago behar izan dituzte. Hondarribiak, eskas gaurkoan ere, 10 segundo gehiago behar izan ditu puntu horretan.
Urdaibai aurkariak baino hobeto atera da lehen ziabogatik, eta estropadaren buruan jarri da bigarren luzean, Zierbena eta Donostiarra bi segundora utzita. Galipoek behera egin dute hortik aurrera, eta Donostiarra izan da Bou Bizkaiari eutsi dion bakarra. Hortxe hasi da bi traineruen arteko lehia sutsua.
Iker Zabalak entrenatzen duen taldeak denbora onenak egin ditu bigarren eta hirugarren ziabogetan, eta Donostiarrak segundo bat gehiago behar izan du bietan.
Gorka Aranberrik topera zukutu ditu bere arraunlariak, koroa ziurtatu eta garaipen hori ikurrina irabazita ospatzeko. Bazirudien horrela izango zela, baina Donostiarrak aurrea hartu die azken hasperenean. Gipuzkoako ontzia 8 ehunen lehenago helmugaratu da. Tentsio handia izan da estropadaren amaieran, epaileak bideofinisha aztertzen aritu diren bitartean. Azkenean, ikurrina Igor Makazagak entrenatzen duen ontziak eraman du.
Hirugarren Zierbena izan da, 19 segundora, eta laugarren, Orio, bigarren txandako irabazlea. Getaria, bezperan jokatutako Ondarroako Banderaren irabazlea, zortzigarren izan da etxeko estropadan.
Lehen txandan, San Pedrok estropada dotorea egin du, eta berak eskuratu du garaipena, Cabori 84 ehuneneko alde estua aterata. Kaiku eta Bueu 27 eta 39 segundora sartu dira, hurrenez hurren.
Sailkapena
Eusko Label Ligako sailkapenari dagokionez, Urdaibaik 203 puntu eta 12 garaipen ditu, Zierbenak 177 puntu eta 2 garaipen ditu (Bermeoko taldeak baino 26 puntu gutxiago), Donostiarra hirugarren da (169 puntu) eta Orio laugarren (156 puntu), Hondarribiak baino bi gehiago. Patroi onenaren sariari dagokioenez, Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak matematikoki irabazi du CaixaBankek babestutako maillota.
Patroi onenaren sari hori eta ligako koroa ziurtatuta, Bermeokoek bi erronka dituzte ligako azken bi jardunaldiei begira: euren historiako 100. bandera irabaztea (98 dituzte jada) eta Hondarribiak eta Castrok duten marka haustea, hau da, denboraldi batean 13 garaipen baino gehiago lortzea.
Getariako Ikurrinako denborak
Eusko Label Ligako sailkapena
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa