Osasun etxea
OSASUN ETXEA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Zorrotz eta argi hitz egin du, igandero bezala, mediku zarauztarrak, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Egoera are gehiago okertu aurretik, neurriak zorroztea eskatu du.
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko bere bulegoan. Artxiboko irudia.
Albisteak (4)
audioak (1)
Covid-19aren aurkako babes-neurriak zorroztu ezean, Gabon jaien ondorena beltza izango zela behin eta berriz esan zuten osasun adituek, eta hala ari da izaten. Osakidetzak emandako azken datuen arabera, hilabetean bikoiztu egin da Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ingresatuta daudenen kopurua. Egun, 106 pertsona daude EAEko osasun-zentroetako ZIUetan, eta 26, Nafarroakoetan.
Agertokia are gehiago okertzea nahi ez bada, neurri zorrotzagoak berehala hartzeko eskatu du, gaur ere, Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikuak, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. "ZIU unitateak betetzen ari zaizkigu, eta gaixoak beste toki batzuetara mugitzen ari gara. Kopurua goraka doa, eta, martxa honetan, gaixoak non artatu ezina iritsiko da", esan du. Gainera, azkenaldian, zaintza intentsiboetan dauden pazienteen "egonaldia luzeagoa" dela esan du.
Zubiaren hitzetan, neurriak ezartzeko "egoerak okerrera egin zain egoteak" ez dauka zentzurik. "Nik neurriak hartuko nituzke denok gorrian egon aurretik; zain egotea denbora galtzea da, atzetik ibiltzea", zehaztu du.
Txertoari buruz ere luze eta zabal aritu da mediku zarauztarra. "Zenbat eta txerto gehiago, hobe", garbi dauka. Pfizer-Biontech eta Modernaren dosiei, epe laburrean, Oxford-AstraZenecarena gehitzea "berri ona" dela ziurtatu du: "hurrengo hilabeteetan txertaketa zabala izango dugu eta hortik etorriko da konponbidea. Itxaropena horretan izan beharko dugu".
Txertoen eraginkortasuna "talde gisa" ulertu behar dela azpimarratu du."Txertoak talde moduan ulertu behar ditugu, ez banakako babes modura. Talde modura funtzionatzen dute beti txertoek", Zubiaren arabera. Hau da, txertoaren eraginkortasuna % 70ekoa bada, hamarreko talde batean zazpi babestuta egongo dira, baina horien immunitateak, beste hirurak ere babestuko ditu. Ildo horretan, eta zuzenean aipatu gabe, asteon txertaketen harira zabaldu diren berriak lotsagarritzat jo ditu. "Jarrera oso berekoiak eta elkartasunik gabekoak" izan direla adierazi du.
Orain, gaineratu duenez, behin txertaketa hasita, dosia hartu dutenek "transmisio katea eteten duten edo ez jakitea da garrantzitsua", datozen hilabeteak nolakoak izango diren aurreikusteko. Txertatuta dagoen pertsonak ez badu birusa transmititzen, "erremedioa azkarrago etorriko da". Transmititzen jarraituko balu, berriz, "mantsoago joango da guztia".
Entzule batek egindako galderari erantzunez, Markina-Xemeingo San Roke adinekoen egoitzan izandako agerraldia ere izan du hizpide. Bertako egoiliarrek eta langileek txertoaren lehen dosia hartuta izan arren, kutsatzea "normala" dela esan du Donostia Ospitaleko medikuak. "Bigarren dosia eman eta astebetera lortzen da immunizazioa, eta horrelakoak gertatzea aurreikusi zitekeen", amaitu du.
Irratia zuzenean
Euskadi Irratia Entzun zuzenean Radio Euskadi Entzun zuzenean Radio Vitoria Entzun zuzenean Gaztea Entzun zuzenean EITB Musika Entzun zuzenean EITB Euskal Kantak Entzun zuzenean
emanaldi bereziakRadio Euskadi + Entzun zuzenean Entzun zuzenean Radio Vitoria + Entzun zuzenean
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
Azken audioak
2024/12/27
Argi Ibili 116:17
2024/12/26
zidorrean 55:24
2024/12/26
Arratsean 54:05
2024/12/26
Arratsean 31:46
2024/12/26
Mezularia 64:50
2024/12/26
Baipasa 174:43
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa