Goiz kronika asteburua
MEMORIA HISTORIKOA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Gogora Institutuaren arabera, frankistek 2.194 pertsona exekutatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gerra Zibilean eta gerraostean (1936-1945). Horietatik, 60 emakumeak ziren eta 2.134 gizonak. Gaur, omenaldia egingo diete Derion, Vista Alegre hilerrian, 11:00etan.
Gerra Zibilean eta gerraostean fusilatutakoak. Argazkia: Gogora Institutua.
audioak (1)
Informazio gehiago (1)
Doroteo Calzada, Jesus Carrera eta Jose Ariztimuño Aitzol. Zerrenda gordin bereko hiru izen-abizen dira. Frankistek fusilatu zituzten hirurak 1936-1945 artean, gerra-kontseiluaren sententziaz lehendabiziko biak eta epaiketarik egin gabe hirugarrena. Gaur omenaldia jasoko dute fusilatutako beste 2.191 biktimekin batera.
Derioko hilerrian egingo da ekitaldia, 11:00etan hasita, Eusko Jaurlaritzak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatuta. Gerra Zibilean eta gerraostean fusilatutako pertsonen 300 bat senidek hartuko dute parte omenaldian.
Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioak hiru biktimaren senideak elkarrizketatu ditu. Euren aurrekoen sufrimendua minez gogoratzen dute, eta haiek bizitakoa ez ahaztea eskatzen dute. Justizia eta aitortza nahi dituzte.
Doroteo Calzada, 1937an fusilatua
Busturiarra zen Doroteo Calzada, lanbidez nekazaria eta hiru seme-alabaren aita. 39 urte zituela hil zuten frankistek, 1937ko abuztuan, gerra-kontseiluan hala erabakita. Derion hobiratu zuten.
Doroteo Zobaran ilobak azaldu duenez, "abertzale izatea eta propaganda egitea" egotzi zizkioten, eta etxekoentzat gaurkoa bezalako omenaldiak "oso garrantzitsuak" dira, gertatutakoa "ahanzturan gera ez dadin". "Hasierako urteetan, 1967ra arte, isilean gogoratzen genuen, etxean. Urte horretatik aurrera, kalera begira egin izan dugu omenaldia. 50. urteurrenean zerbait berezia egitea pentsatu genuen, eta liburuxka atera genuen, bere istorioan sakonduz. Zapatuko omenaldi honek pozten gaitu, garai hartan zer gertatu zen gogoratzeko", esan du.
Jesus Carrera, 1945ean fusilatua
Jesus Carreraren izena ere jasota dago Gogora Institutuaren zerrendan. Hondarribiarra jaiotzez, Donostian bizi zen eta Alderdi Komunistaren idazkari nagusia zen. Alcala de Henares (Madril, Espainia) herrian hil zuten 1945ean, eta bertan hobiratu. Gerra-kontseiluaren ebazpen baten ondorioz hil zuten hura ere. 2018ko ekainean, hobitik atera eta bere sorterrian hobiratu zuten.
Carreraren etxekoek ez dute gaurko omenaldian parte hartzerik izango, arrazoi pertsonalak tarteko, baina euren bizipenak irrati uhinen bidez partekatu dituzte. Maria ilobak kontatu duenez, euren familian gutxi hitz egin da gaiaz, eta historialari baten bidez izan zuten euren osabaren berri. "Familian bagenekien osaba komunista zela, baina historialari baten bidez jakin genuen Alderdi Komunistaren idazkari nagusi ere izan zela. Hor hasi ginen deskubritzen gure osaba zein zen; interesgarria bezain gogorra izan zen. 1943. urtean atxilotu, eta sei hilabetez torturatu egin zuten. Geroztik, ezin izan zen ondo ibili. Eserita fusilatu zuten gure osaba, Alcala de Henaresen, epaiketa egin eta gero", azaldu du.
Gertatutakoa gogoratzeaz gain, biktimentzako justizia aldarrikatu du Mariak. Horren hitzetan, bere osaba "oraindik errudun" bezala agertzen da, epaiketan hala jaso zutelako: "Guretzat oso garrantzitsua litzateke osabak gaizki ez zuela jokatu aitortzea eta biktima bat izan zela esatea".
Jose Ariztimuño Aitzol, 1936an fusilatua
Jose Ariztimuño Aitzol idazle eta kazetaria, berriz, sorterrian hil zuten, Hernanin, 1936an. Epaiketarik egin gabe exekutatu zuten, eta ordutik, haren familia gorpuaren bila ari bada ere, oraindik ez dute arrastorik aurkitu. Aitzol Azpiroz ilobaren hitzetan, Ariztimuñoren gurasoek urtero eraman ohi zituzten loreak Hernaniko hilerrira, semea han hobiratuta zegoelakoan, baina "XXI. mendean jakin genuen, Aranzadiren indusketa batzuei esker, han ez zegoela gure osabaren gorpuzkirik".
"Zergatik hil zuten gure osaba? Hori da egiten dugun galdera. Apaiza zen, ez zen soldatu bat, ez zeukan armarik, ez zen batailoi bateko kidea. Euskal kultura eta hizkuntzaren alde egindako lanagatik torturatu eta hil zutela uste dugu. Sinbolo bat zelako", azaldu du.
Aitortzaren bila, "Espainiako Gobernua eta auzitegiak beti oztopo" izan dituztela ere salatu Azpirozek. Bide luzea egin dute eta ez dute etsiko harik eta osabarentzat justizia egin arte.
2.194 pertsona fusilatuta
2.194 pertsona, izen-abizenekin, euren bizitzekin. Matxinatu frankistek kolpetik desagerrarazitako biziak. 2.200 lagun horien erdiak baino gehiago epai judizialik gabe erail zituzten, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jasotako datuen arabera.Epaiketarik gabeko exekuzio horiek altxamendu frankistaren lehen hilabeteetan jazo ziren, 1936ko bigarren seihilekoan.
Estatu kolpeak irabazi edo handik gutxira tropa frankisten menpe geratutako lurraldeetan ugariagoak izan ziren mota horretako erailketak. Hala, fusilamenduen % 60 Araban eta Gipuzkoan egin zituzten, eta % 30 EAEtik kanpo. Epaiketarik gabe fusilatuta hil zituzten euskal herritarren ia erdiak, 542, Gipuzkoan exekutatu zituzten (guztira, 1.191 izan ziren).
Dena dela, Gogora Institutuak ohartarazi duenez, "epai judizial barik exekutatu zuten pertsonen kopurua zehaztu gabe dago oraindik. Erregistro zibiletan eta eliz liburuetan ez daude jasota, eta bilduta egotekotan, erailketaren benetako kausa ezkutatzen duen termino bat darabilte".
Epaitegi militarrak 1937 urtearen hastapenetan osatu ziren, eta orduan hasi ziren prozesu sumarisimoak. Bizkaian egin zituzten gerra kontseilu gehien, 2tik 1 (guztira 1.000 exekutatu zituzten, horietako 536 Bizkaian). Gipuzkoan ez ziren 100era heldu, eta Araban, 30ren bueltan egon ziren. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo 346 euskal herritar exekutatu zituzten. Fusilatutakoez gain, garrotez hildako biktimak ere badaude tartean.
Irratia zuzenean
Euskadi Irratia Entzun zuzenean Radio Euskadi Entzun zuzenean Radio Vitoria Entzun zuzenean Gaztea Entzun zuzenean EITB Musika Entzun zuzenean EITB Euskal Kantak Entzun zuzenean
emanaldi bereziakRadio Euskadi + Entzun zuzenean Entzun zuzenean Radio Vitoria + Entzun zuzenean
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
Azken audioak
2024/12/24
Lizardiren Baratza 58:38
2024/12/24
zidorrean 53:24
2024/12/24
Baipasa 175:14
2024/12/24
Kantu Kontari 55:24
2024/12/24
#-goizak_gaur_1400-# 32:06
2024/12/24
Kirol Legez 26:21
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa