Faktoria
Oriol Junqueras
Ezezkoan dago ERC, eta jarrera aldatzeko gatazkari irtenbide demokratikoa emango dion mahaia eskatu du Junquerasek. Keinuak eta jarrera aldaketak ez, ekintzak nahi ditu.
Oriol Junqueras. Argazkia: EFE
Informazio gehiago (2)
Lledonersko espetxetik erantzun ditu Euskadi Irratiko 'Faktoria'ren galderak, idatziz, Oriol Junqueras ERCko presidenteak. Auzitegi Gorenak sedizioagatik jarritako 13 urteko espetxe zigorra ari da betetzen bertan. Azaroaren 19an igorri zitzaizkion galderak, eta atzo goizean heldu ziren bueltan, hain zuzen ERC eta PSOEren artean inbestidurarako negoziazioa hastear denean.
1- Kataluniako prozesuaren aurkako epaia ezagutu zenetik hilabete igaro da. Denbora horrek eskaintzen duen perspektibarekin, nola baloratzen duzu Katalunian eman zaion erantzuna? Alderdien eta erakundeek izan duten jardunetik zerbait aldatuko zenuke?
Herritarren erantzuna beti da bikaina eta inbidiagarria, herrialdearekin eta kasu honetan baita gurekin ere konpromiso handia dutelako. Izugarri eskertzen diegu. Kataluniako herriak ez du inoiz huts egiten.
2- Tsunami Democratic bezalako erakundeek deitzen dituzten kaleko protesten bidez kaleetan tentsioa mantentzearen aldekoa al zara?
Jakin badakigu epaia oso modu larrian bizi izan dutela herritarrek eta euren eskura dituzten tresna guztiak baliatzen saiatu direla, euren kexua adierazteko. Egia da horrek beste kexu batzuk eragin ditzakeela, protesta horiekin bat egiten ez duten beste herritar batzuen artean. Oreka horretan datza bizikidetzaren oinarria, inoiz hautsi behar ez den bizikidetza.
3- Azaroaren 10eko hauteskundeetan ERCk 150.000 boto galdu zituen apirileko hauteskundeekin alderatuta. Zeri egozten diozu jaitsiera hori?
Ziurrenik Pedro Sanchezek berriz ere hauteskundeetara bultzatzen gintuela ikusita herritar asko atsekabetu ziren. Hauteskunde horiek saihestu zitezkeen, emaitza bera delako, eta lortu duen gauza bakarra delako herrialdea askoz gehiago polarizatzea eta eskuin muturra gora bultzatzea.
4- Orain, PSOE-Unidas Podemos itunaren ondoren, zerk aldentzen du ERC, abstentzioaren bidez bada ere, Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzetik?
ERC oso argia izan da lehen unetik. Egoera asko aldatu da uztailetik hona, eta orain oso argi daukagu ezezko botoa emango diogula inbestidurari, baldin eta ez bada ezartze negoziazio mahai bat, Kataluniaren eta Espainiako estatuaren arteko gatazka konponbide demokratiko baten bidan jartzeko. Hori gertatzean birplanteatuko dugu jarrera.
5- Igartzen al duzue jarrera aldaketa bat hauteskunde atarian 155a baztertzen ez zuen eta erreferendumen legedia gogortzea proposatzen zuen Pedro Sanchezen, eta hauteskunde ondoren elkarrizketa proposatzen duen Pedro Sanchezen artean?
Ez dugu keinurik nahi, ezta jarrera aldaketarik ere; ekintzak nahi ditugu, froga daitezkeen ekintzak.
6- Pablo Iglesiasek bisita egin zizun duela urtebete, Espainiako gobernuaren aurrekontuak babesteko eskatzeko. Inor hurbildu al zaizu orain ERCk Sanchezen inbestidura erraz dezala eskatzeko?
Zalantzarik gabe presioa areagotu egin dute, baina aizu, ni hemen nago eta nahi dutenean etor daitezela ni ikustera, badakite non aurkituko nauten. Edo bestela Marta Rovira, Pere Aragones, edota Gabriel Rufian ere hor daude.
7-Espainiako gobernu berriak Pedralbesko dokumentua ontzat ematea nahikoa litzateke zure abstentzioa izateko?
Galdera PSOErentzat da. Nola liteke agiria sinatzea eta orain kontrakoa esatea. Denbora galdu arazi digu, agerikoa baita konponbidea politikaren bidez soilik etorriko dela, ez errepresiotik, ez bide penaletik ere. Kudeaketa erabat arduragabea da, bi hauteskunde pasa behar izan ditugu, eskuin muturrar 50 diputaturekin dago orain Kongresuan eta egoera bere horretan dago.
Behingoz aitortu behar dute Kataluniaren eta estatuaren arteko gatazka politikoa dela, bestela ezinezko izango baita.
8-Espainian sektore asko daude PSOE-UP akordioaren hondoratzea nahi dutenak, PSOE, PP eta Ciudadanosen arteko akordio zabal bati bide emateko. Zenbateko eragina izango du zure erabakian hori gertatzeko aukerak? Kataluniaren interesei begira bi aukera horiek berdintsuak al dira?
Galdera PSOErentzat da, ez guretzat. Pedro Sanchez behin liluratu zuen gero eta eskuinagokoa den eskuinak, eta hauteskundeak deitu zituen manifestazio bat deitu zutenean. Orain berriz aukeratu beharko du eskuin kontserbadore eta nazionalistaren aurrean amore ematen duen, edo bidea irekitzen dion gobernu aurrerakoi bati. Bere esku dago.
Kataluniarren interesei dagokienez, PP eta PSOE gauza bera diren ikusteko dago, baina oraingo badirudi baietz.
9-Ezinbestekoa al da zuentzat zuen botoaren zentzua gainerako indar subiranistekin adostea? Abstenitzea baztertzen duzue, botoaren zentzua adostera iristen ez badira?
Independentismoa indar irabazlea izan da hauteskunde hauetan eta zehazki herritarrek nahi izan dute Esquerra Republicana izatea babes gehien lortu duena. Hori dela eta, ERC gainerako alderdi politiko independentistekin harremanetan jarri da, ildo bateratu bat ezarri nahian. Baina erabakia ERCk hartuko du, Kataluniarentzat onena zer den kontuan hartuta.
10- Kezkatzen zaitu zuen hautesleetako batzuk ez ulertzea Sanchezen inbestiduraren balizko babesa?
Ziur nago gure hautesleriak ulertuko duela hartuko dugun erabakia, Kataluniako gizartearen adostasun handiak defendatzen ari garelako estatuaren aurrean.
Gainera, gure jendeari entzungo diogu, Pere Aragonesek militantziari kontsulta bat bultzatuko baitu, zein iritzi duten jakiteko.
11- Nola hartzen duzu zure alderdiko kide batzuk beste sektore independentista batzuetatik traidoretzat hartzea?
Herritarrek beti askatasuna dute nahi dutena adierazteko, baina gure borroka ez da beste indar independentista batzuen kontra, aurkaria beste bat da. Edozein kasutan, norbaitek dei diezaioke traidore bere ideiengatik kartzelan dagoen norbaiti? Norbaitek traidoretzat hartzen bagaitu espetxera etor dadila eta esan diezagula. Argi gera dadila inork ez duela gogo handiagorik Kataluniaren independentzia lortzeko nik edo ERCk baino, inork ez!
12- Generalitateko Gobernua sendo eta kohesioz al dago Espainiako Gobernu berriarekin balizko elkarrizketari aurre egiteko? Zure ustez, Katalunian hauteskundeak aurreratzeak balioko al luke aldi berri bati indartsu heltzeko?
Erabateko konfiantza dut Generalitateko gobernuan. Kudeatzeko garai zaila egokitu zaio. Pere Aragones presidenteordeak nire erabateko babesa du. Hauteskundeak aurreratu edo ez, ez dagokit niri. Baina beti esan izan dugu hautestontziek ez gaituztela beldurtzen.
13- Quim Torra Presidentearen balizko inhabilitazio batek eragin ahal dezake hauteskundeak aurreratzea?
Espero dezagun horrelako arrazoi batengatik inhabilitaziorik ez egotea. Nolanahi ere, justiziak eta bertako langileek ez lukete izan behar hauteskundeetara joan ala ez erabaki behar luketenak, ahalmen hori Generalitateko presidentearena da.
14- Esquerra Republicana egiten ari den kongresu prozesuaren barruan, ponentzia politikoak autodeterminazio erreferendumera iristeko hiru bide aipatzen ditu, eta zuen ustez aukera gehien dituena da estatua bultzatzea hori onartu behar izatera. Independentismoaren oinarria zabaltzeaz ari zarete. Horrek suposatzen al du indar ez independentistei aliantza eremua irekitzea?
Beti gaude gehiengo handiak eraikitzen jarraitzeko prest, eta horregatik ematen diegu hainbesteko beldurra. Baina ez dugu aurreikusten aliantza batzuk beste batzuengatik ordezkatzea, baizik babesak zabaltzen jarraitzea, gure helburuen alde, edo beste indar batzuekin partekatuta ditugun helburuen alde.
15-Zer iruditzen zaizu Carles Puigdemont Waterlootik jokatzen ari den papera? Baduzu harremanik berekin?
Erbesteratuen papera funtsezkoa da Espainiako estatuaren fobia demokratikoa azaltzeko eta Espainiako justizia oker dagoela erakusten ari da. Ageriko zailtasunak izan arren, Puigdemontekin harremanetan gaude.
16- Euskal erakundeekin edo alderdiekin harremanik izan al duzu epaia jakin ondoren? Iñigo Urkullu lehendakariarekin baduzu harremanik?
Guztiekin daukagu harreman ona, nahiz eta zailtasunak izan egoeragatik. Nire lantaldea harremanetan dago beraiekin.
17- Zure ustez, Kataluniako eta Euskal Herriko agenda subiranistak sinkronizatu egin beharko lirateke? Ikusten duzu horretarako aukerarik?
Argi dago koordinatuta lan egin behar dugula, eta hala egiten ari gara, Bildurekin dugun aliantzarekin, adibidez, edo Llotja de Mar-eko adierazpenarekin, oso mugarri garrantzitsua baita. Helburu partekatuak ditugu, eta batez ere aurkari komun bat.
18- Nola da zure egunerokoa espetxean?Zertan aldatu da zure ikuspegia zigor epaia ezagutu ondoren?
Ordutegi erregimena zorrotza da, eta denbora baliatzen dugu kartzelan eskatzen diren lanak egiteko; nire kasuan, historia eskolak ematen ditut, irakurketa ikastaroak, xake ikastaroak, asko idazten dut, irakurri, eta bisitak jasotzen ditut, informatuta egoteko eta kanpora informazioa emateko…
Banekien kondena gogorra izango zela, eta askatasuna kenduko zigutela, uste zutelako gu espetxeratzearekin gu eta jendea baldintzatuko gintuztela. Baina oker daude. Ez dakite honekin lortu duten gauza bakarra dela gehiago konbentzitzea gure printzipioez eta Kataluniaren askatasunarekiko eta independentziarekiko gure konpromisoaz.
19- Indultua baztertua duzu. Espetxe onurak eta baimenak eskatzea aurreikusten al duzu espetxe-erregelamenduak ahalbidetzen duenean?
Indultua, orain dela egun batzuk iradoki nuen, non sar zezaketen… Baimenei dagokienez, askatasuna mugatuta duen edozein pertsonari dagozkionak izango ditut, ez gainerako presoek baino gehiago, ez gutxiago.
Irratia zuzenean
Euskadi Irratia Entzun zuzenean Radio Euskadi Entzun zuzenean Radio Vitoria Entzun zuzenean Gaztea Entzun zuzenean EITB Musika Entzun zuzenean EITB Euskal Kantak Entzun zuzenean
emanaldi bereziakRadio Euskadi + Entzun zuzenean Entzun zuzenean Radio Vitoria + Entzun zuzenean
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
Azken audioak
2024/12/28
portobello 109:55
2024/12/28
Hiru erregeen mahaia 263:25
2024/12/28
Hitza Jolas 50:01
2024/12/28
Kirol Legez 28:59
2024/12/28
#-goizak_gaur_ab-# 30:59
2024/12/28
Amarauna 174:29
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa