EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak
EAE-ko Hauteskundeak 2020
U12: behin betiko zenbaketa
Agentzia | Erredakzioa
Horrela, Carlos Iturgaiz lehendakarigaiaren koalizioak seigarren eserlekua lortu du. Luis Gordillo Euskadiko Ciudadanosen bozeramailea legebiltzarkidea izango da Diana Urrearen (EH Bildu) kaltetan.
Albisteak (4)
Bizkaiko azken eserlekua kendu dio PP+Csek EH Bilduri, Hauteskunde Batzordean egindako zenbaketa ofizialean parte hartu duten alderdietako iturriek baieztatu dutenez.
Gauzak horrela, Luis Gordillo Euskadiko Ciudadanosen bozeramailea legebiltzarkidea izango da Diana Urrearen (EH Bildu) kaltetan.
Indar abertzaleen gorakada ikusita, bere eserlekua hauteskundeetako “aurreneko albiste ona” dela uste du Gordillok. “Legebiltzarkidea izateko erantzukizuna onartzen dut, askatasuna defendatzeko eta mehatxu nazionalistari aurre egiteko”, adierazi du Euskadiko Ciudadanosen bozeramaileak ohar batean.
Hauteskundeetako behin betiko zenbaketa ostiral honetan egin dute. Atzerrian bizi diren hautesleen (AEHE) botoa zenbatu dute. 108 botoko aldea zegoen bi indarren artean. Horrela, Carlos Iturgaiz lehendakarigaiaren koalizioak seigarren legebiltzarkidea lortu du.
Lurralde bakoitzeko hauteskunde batzordeak 08:00etan bildu dira justizia jauregietan, behin betiko zenbaketa egiteko.
Atzerrian bizi diren hautesleen (AEHE) botoa zenbatu dute, baita aldi baterako atzerrian bizi diren (AAHE) hautesleena ere.
22 legebiltzarkideetatik zazpi Bizkaian eskuratu zituen EH Bilduk, botoen % 23,95 lortuta, guztira 112.443 boz. Hala ere, PP+Cs Bizkaiko eserleku hori bereganatzetik 108 botora zegoen. PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioak 32.018 (% 6,82) boto erdietsi zituen, eta ordezkari bakarra hauteskunde gauean.
Mahaien berrikuspena: Abando
Gainera, akten berrikuspena egin dute, eta mahaiek egindako zenbaketan hanka-sartze batzuk zuzendu dituzte.
Bizkaian, AEHE botoak 309 babes eman dizkio EAJri, 180 EH Bilduri, 158 PSE-EEri, 113 Elkarrekin Podemos-IUri, 127 PP+Csi, 40 Equori eta 30 Voxi. Emaitza horrekin, PP+Csek oraindik beste 33 boz behar zituen eserlekua bereganatzeko, eta mahaien berrikuspenean erdietsi du legebiltzarkidea.
Konkretuki, Bilbon, Abandoko mahai batean (6-2-A mahaian) egindako hanka-sartzea zuzendu du Hauteskunde Batzordeak. PP+Cs koalizioari 100 boto gutxiago eman zizkion mahaiak zenbaketan. Era berean, 4-28-U mahaiaren beste hiru boto bereganatu ditu. EH Bilduk, aldiz, 10 boz galdu ditu 6-13-A mahaian.
Azken zenbaketa egin ondoren eta, akta argitaratzeko zain, PP+Csek seigarren legebiltzarkidea lortu du, EH Bilduri eserleku bat kenduta. 108 botoko aldea zegoen bi indarren artean, eta azkenean zentro eskuineko koalizioak bereganatu du ordezkaria.
Ordezkari hori galduta EH Bildu 21 legebiltzarkiderekin geratuko da eta, ondorioz, ezkerreko indarrek ez dute gehiengo osoa (38) izanen Legebiltzarrean; izan ere, PSE-EEk 10 eserleku ditu eta Elkarrekin Podemosek sei. Ondorioz, ezkerreko hiruko gobernua osatzea ez da posible izango.
Iturgaiz, pozik EH Bilduri aulki bat kendu eta "ezkerreko frontea" saihesteagatik
Testuinguru honetan, Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko lehendakarigaiak nabarmendu du seigarren aulki honek dakarrela legebiltzarkide bat "kentzea" indarkeria justifikatu eta zerrendetan kondenatutako terroristak eramaten dituztenei, haren hitzetan EH Bilduk egiten duenez. Gainera, beste "albiste on bat" ere badago: aulkia "zentro-eskuineko konstituzionalismora" igaro dela, hain zuzen ere.
Gainera, PP+Cs koaliziorako seigarren aulki honek esan nahi du "euskal ezkerreko eta ezker-muturreko alderdiek ez dutela batzen gehiengo osoa lortzeko".
"Ezkerreko alternatiba bilatzeko diskurtso hori indargabetu da, gure seigarren aulki honen bidez, eta ezkerreko fronteak ez du gehiengo osorik", azaldu du.
Iturgaizen esanetan, seigarren legebiltzarkide hau garrantzitsua ere bada PP+Cs Elkarrekin Podemos-IUren parean kokatu delako, eta ahalbidetzen duelako "euskal eta espainiar zentro-eskuin konstituzionalistaren parlamentu-taldea sendotzea, Legebiltzarrean konstituzionalismoaren gotorlekua izateko".
Pozik agertu da, halaber, aulkia Luis Gordillorentzat izan delako; Gordillok, aldez aurretik egindako adierazpen batzuetan, esan du aulki hori lortzea, "EH Bilduko erradikalen kalterako", euskal hauteskundeen "lehen albiste ona" dela, alderdi abertzaleek izandako igoera nabarmenaren ostean.
"Legebiltzarkidea izateko ardura neure gain hartzen dut, askatasuna aldezteko eta mehatxu nazionalistari aurre egiteko", adierazi du.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidenteak Luis Gordillo zoriondu du; esan duenez, "askatasunaren alde egiteko beste ahots bat" izango da.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa