EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

15:33

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Hauteskunde-kanpaina

EH Bildu: "Boto jasangarri eta eraginkor bakarra gara"

Agentziak | Erredakzioa

EAJk familia izan du hizpide; Elkarrekin-Podemos-IUk, etxebizitza; PP+Cs koalizioak, hezkuntza; PSE-EEk, "gizarte erreskatea"; eta Equo Berdeakek, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta.

  • EH Bilduk Subillan egin du ekitaldia

    EH Bilduk Subillan egin du ekitaldia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetarako kanpainaren zazpigarren eguna ETB1eko hauteskunde-eztabaidarekin amaituko da (22:00etan), baina, hori baino lehen, euskal alderdiek zenbait ekitaldi egin dituzte. Hala, EAJk adierazi du akordioa bultzatuko duela lan-ordutegiak arrazionalizatzeko, EH Bilduk ziurtatu du boto jasangarri eta eraginkor bakarra dela, Elkarrekin Podemos-IUk aldeztu du etxebizitzarako eta "etxegabetzerik gabeko Euskadirako" eskubidea, PP+Cs koalizioak esan du "itunpeko hezkuntza suntsitu" nahi dutela, "EAJren babesarekin", Idoia Mendiak gogorarazi dio EAJri PSE-EE "gizarte-erreskatean" dagoela, "ez nazio-salbazioan", eta Equo Berdeakek proposatu du Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta handitzea, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren aurreztea baliatuz, nahikoak ez diren diru-sarrerak dituzten 60.000 herritarri laguntzeko.

EAJk adierazi du akordioa bultzatuko duela lan-ordutegiak arrazionalizatzeko

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak konpromisoa hartu du administraritzaren, enpresen eta sindikatuen ateko gizarte-akordioa bultzatzeko, kontziliazio-neurriak orokortu eta lan-ordutegiak arrazionalizatzea helburu. Jone Berriozabal Arabako hautagaiarekin batera egindako hauteskunde-ekitaldi batean, Gasteizen, EAJk familia babestu du, "bizikidetza-proiektu bat eraikitzeko funtsezko oinarri gisa"; Urkulluren esanetan, "familiek eskubidea dute nahi beste seme-alabak izateko, hautatutako bizitza-proiektuaren arabera, eta hori saihestu ahalko lukeen oztoporik gabe".

BIDEOA | Haurren eta familien inguruko ekitaldia egin du EAJk Gasteizen

Azpimarratu duenez, erakundeen ardura da "oztopo horiek txikiagotzea", eta familiak eta haurrak babestea, bereziki zaurgarritasun handiagoko egoeretan daudenak. Horretarako, EAJk bost konpromiso proposatu ditu; hauteskundeak berriro irabaziko balitu eta Euskadin gobernatuko balu, abian jarriko lituzke konpromiso horiek.

Hautagaiak azaldu duenez, lehena da Familia eta Haurren Zuzendaritza sortzea, eta jaiotzarako laguntza ekonomikoak handitzea. Halaber, EAJk erakundeek familiak babesteko sistema integrala bultzatuko du, haurren zaintzan eta hezkuntzan laguntze aldera.

Horrez gain, EAJk proposatzen du kontziliazioa bultzatzea, sektore publikoan eta pribatuan aitatasun- eta amatasun-baimen parekoak eta besterenezinak baliatuz; beste konpromiso bat da administraritzaren, enpresen eta sindikatuen arteko gizarte-akordioa hitzartzea, kontziliazio-neurriak orokortu eta lan-ordutegiak "arrazionalizatzea" ahalbidetzeko. Azkenik, Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak bermatuko duela 0-3 arteko umeen % 100ek jasotzea eskoletako eta haurreskoletako haur-zerbitzuak. 

Arratsaldean, Azpeitian, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ziurtatu du bere alderdia ez dagoela "alferrikakoak diren liskarretarako"; izan ere, orain, "pandemiaren osteko Euskadi berreraiki behar da". Ortuzarrek hauteskunde-kanpainaren lehen asteko balantzea egin du; haren iritziz, "EAJ gainerako alderdien itua" izan da, "batzuk, elkarlanean baino, liskarrean mugitzen baitira gusturago".

BIDEOA | EAJk elkarlanerako deia egin die erakunde, sindikatu eta elkargo sozialei

EH Bilduk ziurtatu du boto jasangarri eta eraginkor bakarra dela

EH Bilduko Arabako zerrendaburu Mikel Oterok aldarrikatu du EH Bilduk eskaintzen duela "boto jasangarri eta eraginkor bakarra", eta "ezinbestekotzat" jo du ingurumen-politikak aldatzea; hori egiteko, besteak beste, proposatu du Klima eta Energia Legea onartzea, karbono-dioxidoko isurpenak murrizteko, eta energia berriztagarrietarako 800 milioiko funts publikoa sortzea. Subillan egindako ekitaldi batean, Oterok ohartarazi du PSE-EEk eta EAJk bertan eman nahi izan ziotela hasiera frackingari: "Hau, oraindik ere, bada toki mehatxatua; izan ere, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du saiatzen konbentzionala ez den gas fosila hemendik ateratzen", ziurtatu du.

BIDEOA | Klima- eta energia-lege bat proposatu du EH Bilduk, karbono-isurketak murrizteko

Oteroren iritziz, "klima-larrialdia hurrengo urteetako erronkarik handienetakoa da". "Bidegurutze historikoan gaude, eta horrek eskatzen du hona ekarri gaituen bide okerra alde batera uztea. Aldaketa handiak egin behar ditugu, ingurumen-, klima-, energia-, lurralde-plangintzako, azpiegitura-, garraio, etxebizitza-, industria-, edo elikadura-politiketan; hori guztia, gizarte justizia eta herritar guztientzako oinarrizko baliabideak bermatuta. Ezin dugu huts egin, ez dago B planetarik", ziurtatu du.

Testuinguru horretan, adierazi du EH Bildurentzako botoa "jasangarria eta eraginkorra den bakarra" dela, eta gogora ekarri du koalizioak proposatzen duela, hauteskunde-programan, "Klima eta Energia Legea onartzea, eta Zero Karbono 2040 Euskal Plana sortzea, CO2ko isurpenak 2030erako erdira murrizteko, eta 2040an karbono-neutraltasunera iristeko".

Arratsaldean, Durangon, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik salatu EAJ eta PSOE "etengabeko ezezkoan" daudela: "Ez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioei; ez, ondasun handientzako zergari; ez, erabakitzeko eskubideari". Hortaz, berretsi duenez, "uztailaren 12an, aukeratu behar da: Gobernu arduratsu bat, ala abertzalea eta sozialista ez den Gobernu bat". Bere aldetik, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak nabarmendu du EH Bildu bermea dela "herrialde honetako aurrerapen nazional eta sozialetarako"; EAJk, eta PSOEk, aldiz, "gauza bat esaten dute, eta kontrakoa egin".

BIDEOA | Otegik uste du EAJ ez dela gai herri honen erronkei erantzuteko

Elkarrekin Podemos-IUk aldeztu du etxebizitzarako eta "etxegabetzerik gabeko Euskadirako" eskubidea

Pilar Garrido Unidas Podemosen EAEko koordinatzaileak babestu du "etxegabetzerik gabeko Euskadi bat", eta iragarri du Elkarrekin Podemos-IUren hurrengo legegintzaldirako "helburu nagusietakoa" izango dela "etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea gauzatzea". Donostian Arantxa Gonzalez Ezker Anitza-IUko agintariarekin batera egindako ekitaldi batean, Garridok aldarrikatu du etxebizitzarako eskubidea "oinarrizko gizarte-eskubidea" dela. 

BIDEOA | Etxebizitza duina arrazoizko prezioan aldarrikatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Unidas Podemoseko Euskadiko koordinatzaileak esan duenez, etxebizitza arazo nagusietakoa da EAEn, pandemiak eragindako krisia hasi aurretik ere. Salatu du "tristura handiko irudiak" ikusi izan direla, EAEn, herritarrak eta familiak "euren etxebizitzetatik kanporatu dituzten bakoitzean".

"Hori ezin da berriro gertatu", nabarmendu du Garridok, eta ohartarazi ere ohartarazi du alokairu-errentetako espekulazioak hainbat arrisku dituela: "Lehen, etxegabetzeak ziren herritarrek ezin zutelako hipoteka ordaindu; orain, gertatzen da hainbat herritar etxetik atera dituztela ezin dituztelako alokairuko gehiegizko errentak ordaindu", gaitzetsi du.

Arratsaldean, Elkarrekin Podemos-IUk, Bilbon, iragarri du jokoaren lege batean lan egingo duela, "herritarren osasuna erdialdean jarriko duen lege batean". Arau horrek, Iñigo Martinez eta Isabel Gonzalez Legebiltzarkiderako hautagaiek azaldu dutenez, "gure gazteen osasuna sustatzean pentsatuko du, gutxi batzuen interesen aurretik; izan ere, hori da zaintzea: bizitza erdialdean jartzea, ez merkatuan". Martinezek eta Gonzalezek gogora ekarri dutenez, aurreko legegintzaldian lortu zuten Jaurlaritzak iritzia aldatzea, eta pentsatzea ez duela apustu-etxe eta joko-areto gehiagorik zabalduko Euskadin: "Luzamendu hori garaipena izan zen, baina ezin da soilik atzerapena izan", ohartarazi dute.

BIDEOA | Jokoak dakarren mehatxuaz ohartarazi du Elkarrekin Podemos-IUk

PP+Cs koalizioak esan du "itunpeko hezkuntza suntsitu" nahi dutela, "EAJren babesarekin"

PP+Cs koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaizek adierazi du Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen Espainiako Gobernua saiatzen ari dela "itunpeko hezkuntza suntsitzen", Iñigo Urkulluren eta EAJren "oniritziarekin"; izan ere, azken alderdi horrek babestu egin zuen PSOE eta Unidas Podemos Espainiako Gobernuan izatea. Iturgaizek, eguerdian, hezkuntzaren gaineko hauteskunde-ekitaldi batean hartu du parte, Bilbon, eta azpimarratu du PP+Cs koalizioak aldezten duela "gurasoek eskubidea dutela hezkuntza-zentroa aukeratu eta seme-alabentzako hizkuntza-eredua hautatzeko". Eskatu ere eskatu du Euskadiko hezkuntzan "doktrinamendurik edo manipulaziorik" egon ez dadila.

BIDEOA | Itunpeko eskola "arriskuan" dagoela salatu du Iturgaizek

Hautagaiak itunpeko eredua izan du hizpide; izan ere, PSOEk eta Unidas Podemosek Berreraikuntza Sozial eta Ekonomikorako adostutako zirriborroaren arabera, itunpeko eskolak ez du diru-laguntzarik jasoko, koronabirusak eragindako krisietara zuzendutako laguntza ekonomikoetan; proposamena da inbertsioaren gehikuntza kudeaketa zuzeneko hezkuntza publikoak jasotzea.

Iturgaizen esanetan, itunpeko hezkuntza "arriskuan dago, eta Sanchezek eta Iglesiasek dute errua; Urkulluk eta EAJk ere bai, babestu egin dutelako Espainiako Gobernuak hezkuntza-politikan egindako kudeaketa oso txarra". Lehendakarigaiaren iritziz, Urkullu eta EAJ Sanchez eta Iglesiasen kudeaketa okerrarekin kutsatu dira. Arratsaldean, Portugaleten, Iturgaizek adierazi du "EAJk anestesiatuta" duela euskal gizartea, "txosnetako eta diru-laguntza publikoetako bere klientelismo-sareari esker"; hautagaiaren esanetan, Euskadin, "alderdi bakarreko sistema ezarri da, eta helburua da denean agintzea". 

BIDEOA | Abertzaleen inposaketen aurrean altxatzeko deia egin du Carlos Iturgaizek

Idoia Mendiak gogorarazi dio EAJri PSE-EE "gizarte-erreskatean" dagoela, "ez nazio-salbazioan"

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak eskatu dio EAJri azal dezala zein etorkizun-proiektu duen Euskadirentzat, EH Bildurekin batera, proiektu hori hauteskunde-programan ezkutuan baitu; halaber, gogorarazi dio PSE-EE "gizarte-erreskatean" dagoela, "ez nazio-salbazioan". Mendiak PSE-EEk Langraiz Okan egindako ekitaldian parte hartu du, Arabako zerrendaburu Gloria Sanchezekin eta udalerriko alkate Miguel Angel Montesekin batera.

Eneko Andueza PSE-EEko hautagaia, Euskadiko Irratiko 'Faktoria'n: "Ez da kasualitatea alderdi guztiek guri begiratzea; giltzarri izango gara"

BIDEOA | Euskadirentzat duen etorkizuneko proiektua "ezkutatzea" egotzi dio Mendiak EAJri

Mendiak, hitza hartu duenean, eskatu dio EAJri (PSE-EE azken alderdi horrekin dago Jaurlaritzan) bere programaz hitz egin dezala: "Orrialde jakin batean, ezkutatuta du Euskadirentzako etorkizun-proiektua duela, EH Bildurekin partekatzen duen proiektua". Jeltzaleei gogoratu dienez, "boto sozialistek ez dute balioko salbazio nazionaleko proiekturik babesteko".

"Sozialistak ez gara inoiz ere kontu horietan izango; sozialistak gizarte-erreskatean gaude, ez salbazio nazionalean", azpimarratu du Mendiak. Zehaztu duenez, Euskadik behar duen Gobernuak argi eta garbi esan beharko luke "ez dela lehen eta bigarren mailako euskal herritarrik izango, ez baliabideengatik, ez sentimenduengatik, ezta nortasunagatik ere". Arratsaldean, Pasaian, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du hauteskunde autonomiko hauek "oso garrantzitsuak" direla: "Ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia dago jokoan, baina ez hori bakarrik; jokoan da, halaber, zein bizikidetza-eredu nahi dugun, euskal herritarren artean, ondorengo urteotarako".  

BIDEOA | Hurrengo Gobernuaren giltza sozialistak izango direla ziurtatu du Anduezak

Equo Berdeakek proposatu du Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta handitzea, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren aurreztea baliatuz, nahikoak ez diren diru-sarrerak dituzten 60.000 herritarri laguntzeko

Equo Berdeakeko lehendakarigai Joserra Becerrak proposatu du baliatzea "Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerak Eusko Jaurlaritzari ekarriko dion aurreztea", Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta "premiaz handitzeko", pandemiaren ostean, eta, halaber, lortzeko "Oinarrizko Errentak nahikoak ez diren diru-sarrerak dituzten 60.000 euskal herritarri lagun diezaiela". Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ez dira nahikoak Euskadiko milaka herritarren diru-sarrerak bermatzeko, Becerraren esanetan: "Herritar horiek pobrezian egoteko arriskuan daude, pandemia hasi baino lehen ere”, ohartarazi du.

Argazkia: Equo Berdeak.

Sestaon egindako hauteskunde-ekitaldi batean, Becerrak zehaztu du Equo Berdeakek proposatzen duela Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak aldi baterako lan-erregulazioetan dauden herritarrak babestea, bai eta "prestazio edo soldata ez nahikoak dituzten" alarguntza-pentsioak ere. Halaber, laguntza eman beharko lieke enplegurik izateko ahalmenik ez duten herritarrei, soldata euren kontu dagoen pertsonaren batekin partekatu behar dutenei, eta autonomoei, bai eta zaintzaileei eta kontraturik eta paperik ez duten etxeko langileei ere: "Askok, krisiaren ondorioz, lana galdu dute", azaldu du.

Beste batzuk: Aberastasuna birbanatzearen alde agertu da Recortes 0 koalizioa

Recortes 0 koalizioa aberastasuna birbanatzearen alde agertu da. Berrindustrializazioa eta beste eredu ekologiko bat proposatzen dituzte.

BIDEOA | Aberastasuna birbanatzearen alde agertu da Recortes 0 koalizioa

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena