Putxainaren kondaira, potaxieak eta fifeak: nondik datoz TikToken biral bihurtu diren hiru kontzeptuak?
Putxaina bilbotarra, Putxaina itsaslamina, Putxaina swiftiea… Denetariko begidun ahuakateek bete dituzte gure sare sozialetako feedak azken hilabeteetan.
Kondaira estiloan, Putxaina deituriko glamourdun ahuakate hauen istorioak kontatu dituzte milioika erabiltzailek. Narratzaile baten ahotsak kontatzen digu kondaira, adimen artifizial bidez egindako irudiekin lagunduta.
TikTokeko joerekin gertatu ohi den bezala bideoak aldatzen joan diren arren, asmatutako lehen kondairetan arrotza zaion mundu baten aurrean Putxainak bizi beharreko pasarte bat kontatzen zuten bideoek.
Hasierako istorio guztiek hainbat ezaugarri dituzte komunean, denetan aipatzen da Jiafei izeneko jainkosa, Anekakanekulo izeneko leku bat eta potaxie (Putxainaren aliatu gisa) eta fife (Putxainaren arerio gisa) kontzeptuak. Hemen adibide bat.
Potaxieak eta fifeak: nortzuk dira? Nondik datoz?
Duela hainbat urte biral bilakatutako bideo honetan, elkarrizketatuak ahuakateak "potaxio"a duela dio.
Fifeak (Fifa bideo-jokoari erreferentzia eginez) maskulinitate hegemonikoa ordezten duten gizon heterosexualak dira. Matxismoarekin eta misoginiarekin lotzen da terminoa.