11:20

gaztea

Musika

Coachella 2023: Bad Bunnyren sarrera, Rosalia, Blink-182ren itzulera eta BlackPinken errekorra

B. F. | EITB Media

Jaialdiaren lehen asteburuak hainbat lerroburu utzi ditu. Oholtza nagusietako kontzertuak streaming bidez izan dira ikusgai, asteburu osoan zehar, Coachellaren YouTube kanalean.

  • Charli XCX, Coachellan

    Charli XCX, Coachellan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mundu mailako musika jaialdirik entzutetsuena asteburu honetan bueltatu da, ohiko forma eta tamaina erraldoiarekin, pandemiak baldintzatutako urteen ostean.

Apirilaren 14an ireki zituzten Coachellako ateak, Indioko (Kalifornia) Coachella Valley basamortuan. Gorillaz, The Chemical Brothers, Becky G, Wet Leg eta Blondieren zuzenekoez gozatzeko aukera izan zuen publikoak.

Sahara Tent oholtzan zela gertatu zen ostiraleko une berezienetako bat. Eguneko azken eguzki izpiekin batera, Blink-182 hirukoa oholtza gainean agertu zen, ia 10 urteko etenaldiaren ostean. Tom DeLonge, Mark Hoppus eta Travis Barkerrek bandaren hit nagusiak jo zituzten, baita "Edging" izeneko azken singlea ere.

Lehen eguneko euforiaren baitan iritsi zen gaueko izarraren txanda. Un verano sin ti eta YHLQMDLG diskoetako abestiekin osatutako setlistari ekin aurretik, Bad Bunnyk biral bilakatu den introarekin hasi zuen zuzenekoa.

Puerto Ricoko musikariaren kontzertua gogoangarria izan zen, besteak beste, musika latinoari egindako aitortza tarteko. Izan ere, Bad Bunnyk generoaren urrezko garaiaren bidea urratu du, bera baita Coachellan kartelburu izandako lehen artista latinoa.

Publikoa dantzan jartzea lortu zuen musikariak, ordubetetik gorako emanaldian. Jaialdirako propio prestatutako errepertorioan, Bad Bunnyk beste bi izar gonbidatu zituen oholtza gainera: Jhay Cortez eta Post Malone.

Larunbatak K-pop generoaren eguna izan behar zuen, baina bestelakorik ere ikusi genuen. Boygenius hirukoak, The Kid LAROI, Charli XCX, Eladio Carrión, Mura Masa eta 070 Shake artistek astindu zituzten jaialdiko oholtza nagusiak.

Iluntzean, Rosalíak jaialdirako prestatutako 'Motochella' show berezia eskaini zuen. Motomami Tourreko dantzariez inguratuta, azken diskoko arrakastak jo zituen kataluniar artistak.

Emanaldiari bukaera emateko, Rauw Alejandro gonbidatu zuen oholtza gainera. RR EPko "Promesa", "Vampiros" eta "Beso" abestu zituzten elkarrekin, sareetan bolo-bolo dabiltzan uneak eskainiz.

Egunaren amaieran, K-pop generoaren zaleen momentua izan zen. BlackPinkeko Jisoo, Lisa, Rose eta Jenniek marka berria hautsi zuten: laukote korearraren Coachellako emanaldiaren zuzeneko emisioak 250 milioi ikusle izan zituen YouTuben.

Igandean, Frank Ocean buru zuen kartelean, Björk, Kali Uchis, Dominic Fike, The Blaze eta Willow artistak izan dira protagonista. Oceanen kasuan, eztabaida piztu da sareetan, azken orduan jakin baitugu ez genuela Louisianako artistaren emanaldia zuzenean ikusteko aukerarik izango.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena