Musika
Abenduaren 5etik aurrera
L.Z. | eitb.eus
Hainbat euskal taldek Durangoko hitzordua aprobetxatuko dute euren disko berriak plazaratzeko. Besteak beste, Gatibu, Vendetta, Hesian, Berri Txarrak eta Gose izango dira Azokan.
Durangoko Azoka 2013. Argazkia: EiTB
Abenduaren 5etik 8ra, euskal sortzaileek euren lan berriak aurkeztuko dituzte bertan. Musika eta literatura eskutik helduta iritsiko dira Durangora, eta lau egunetan zehar euskal ekoizleen lanak hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Landako gunean ikusgai izango diren erakusketez gain, Ahotseneako aurkezpen-solasaldiak eta zuzeneko emankizunak azken urtean Euskal Herrian ekoitzi diren musika zein literatur lanen erakusleiho bihurtuko dira.
Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek Azokara begira, eta, ohi bezala, euskaltzalez jantziko da Durango abenduko zubian.
Baina zein dira aurten Azokan aurkituko ditugun nobedadeak?
Esan bezala, liburuei ezinbesteko lekua gordeko diete. Dena den, Gaztearen ildoari eutsiz, aurtengo musika estreinaldietan jarriko dugu arreta batik bat. Hain zuzen, Gazteako publikoari zuzendutako lanen berri ematera gatoz oraingoan.
Baga-Biga
Baga-Biga diskoetxeak, adibidez, Vendettaren 13 Balas diskoa aurkeztuko du, baita Eskean Kristoren Azote Kaldüz!, Hesianen Hegalak astinduz, Emonen Sua eta Korrontziren Sympphonic Bilbon ere.
Gor
Leihotikanen 20 urteko ibilbidea jasotzen duen 20 urte zuzenean proiektua eskuragarri egongo da Azokan. Halaber, Yogurinha Borova Missex lanarekin iritsiko da.
Elkar
Bestalde, Elkarren eskutik helduko dira, besteak beste, Kupelaren Eutsi Goiari, Ruper Ordorikaren Lurrean etzanda eta Gontzal Mendibilen Nire Bihotzak zure begiak ditu.
Only in Dreams
Only in Dreams zigilua aukeratu du oraingoan ere Berri Txarrakek aurki argitaratuko duen lan berria argitaratzeko. Denbora da poligrafo bakarra diskoa besapean hartuta zapalduko dute Azoka Gorka Urbizuk eta taldekideek, baina Haria eta Payola lanen berrargitalpenek ere hartuko dute lekua Durangon.
Bonberenea Ekintzak
Angerren, Anai-Arrebaken eta Pettiren berriena aurkeztuko du Bonberenea Ekintzakek. Gainera, Bonberenea Txarangaren Bihar ez da gaur proiektua eramango dute Azokara.
Gaztelupeko Hotsak
Jon Gurrutxagaren Hitz Lauz, Capsularen Bilbon zuzenean eta La Jodederaren Aio, Kurrillo dira nobedade aipagarrienak.
Jangura produkzioak
Alde batetik, Joseba Sarrionandiarekin elkarlanean Gosek grabatutako Gosariak proiektua aurkeztuko du Jangurak. Bestetik, Lou Reed abeslariaren omenez, hainbat euskal egileren ahotsak jasotzen dituen Lou Reed, mila esker diskoa eskainiko dute euren standean.
Mauka
Keu Agirretxea eta Xabier Iriondo musikarien KX proiektuak ere Azokan emango ditu bere ibilbideko aurreneko urratsak.
5 Gora
Iñigo Muguruzaren Lurra taldeari ("Akatsa sisteman" lanarekin) ere utziko diote dagokion tokia.
Halaber, besteak beste, Esne Beltza taldean aritutako Patxukok 430.0 proiektua ezagutaraziko du.
Maldito Records
Aberri Txarrakek taldearen izenburu bera daukan diskoa estreinatuko du.
Bidehuts
Musikari beratarraren Joseba Irazoki eta Lagunak izango da oraingo honetan Bidehutsen apustuetako bat.
Topatu
Aspaldi agertoki gainera igo ez den Oliba Gorriak taldeak Garaipenera arte lanaren nondik norakoak erakutsiko ditu Azokan.
Auto-ekoizpena
Aitzitik, bada diskoetxeen laguntzarik gabe auto-ekoizpenaren bidea hautatu duen euskal talderik ere. Horren adibide ditugu Gatibu, Zea Mays eta On. Euritan dantzan, Zein eta Da diskoekin gogotsu helduko dira Durangoko Azokara hiru talde horiek.
Irratia zuzenean
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa