10:09

EiTB TALDEA

EITB Maratoia

2015 eta 2019 urte bitartean egindako elkartasun maratoiak

EITB Media

2000. urtetik, EITB Maratoiak erakusten digu euskal gizarteak ikerketarekin duen konpromisoa, eta haien eskuzabaltasunari esker, ekarpenak egin ditu gaitz ezberdinen aurkako borrokan.

  • EITB Maratoia

    EITB Maratoia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2019. URTEA: HAUR-MINBIZIA – 1.192.658 EURO 

2019ko EITB Maratoiak ordura arteko marka guztiak hautsi zituen, eta 1.192.658 euro batu zituen haur-minbizia ikertzeko. Gainera, 20. edizioan bultzada eman zion EITBk ekimenari, gizarte eragile, erakunde eta enpresekin elkarlanean, elkartasun proiektu garrantzitsu honi zabalkunde handiagoa emateko. Esate baterako, kausa haur-minbizia izanik, Hezkuntza Sailarekin batera kontzientziazio kanpainak egin ziren, hezkuntza komunitatean gaixotasun horren inguruko informazioa zabaldu eta elkartasuna sustatzeko. 

Bestalde, euskal gizarte osoaren inplikazioa sustatzeko, Zure bertsiorik onena ekimena jarri zuen martxan EITBk, "Lau teilatu" abestia oinarri hartuta. Orotara, 50.000 ahotsek abestu zuten Itoizen kanta ezaguna eta 1500 bertsio argitaratu ziren eitb.eus-en. Modu horretan, elkartasun uholde hunkigarria sortu zen haurren minbiziaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko. 

Horrez gain, beste hainbat ekintza antolatu ziren: euskal gizarteko elkarte eta pertsonaia ezagunek emandako 200 objekturen enkantea, pintxo solidarioak, Guggenheim Museoa inguratu zuen besarkada solidarioa eta Spinning saioa.

2018. URTEA: BIRIKETAKO MINBIZIA – 379.356 EURO

Gure gizartean heriotza gehien eragiten dituen minbizia, biriketakoa, izan zuen ardatz 2018ko EITB Maratoiak. Aukeratutako leloa Airea biriketako minbiziaren aurka izan zen, airea falta bazaigu bizitzarik ez dagoelako, eta biriketako minbiziaren aurka borrokatzeko ikerketari Airea eman behar zaiolako. EITBko hedabideek erreportajeak eskaini zituzten gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukotzak biltzeko, eta elkartasun egunean 379.356 euro lortu ziren. Gainera, egun horretan Bilboko plaza Biribilean informazio gunea ezarri zen, pantaila handi batzuen bitartez gaixotasunari buruzko informazioa emateko. 

2017. URTEA: IKTUSA – 437.603,39 EURO 

Iktusa, asaldura baskular baten ondorioz, garuneko funtzioen bat-bateko galera eta, hein handi batean, ezintasun-maila desberdinak eragiten dituen istripu zerebrobaskularra, izan zen 2017ko kausa eta 437.603,39 euro bildu ziren.

In>ictus: iker dezagun iktusa izeneko kanpainak, modu positiboan, euren eguneroko bizitzari berrekiteko iktusa izan dutenen borroka islatu zuen. Kasu gehienetan indarra eta aurrera egiteko nahia eskatzen du egin behar duten ahaleginak. Horregatik, William Ernest Henleuyren Invictus poema hartu zen ardatz, indarra eta aurrera egiteko gogoa baititu hizpide olerkiak. Halaber, garaipenaren ikurra ere azpimarratu zen, 'V' ikurrak aurrera egin eta garaitzeko nahi hori irudikatzen baitu gaixotasunarekin alderatuta. Hortaz, EITBko hedabideen bitartez kanpainan parte hartu zuten guztiei hatzekin 'V' ikurra eginez argazkia atera eta sare sozialetara igo zezaten eskatu zitzaien. Bestalde, gaiaren inguruko erakusketa jarri zen Bilboko Yimby aretoan, iragarkiaren grabazioan parte hartu duten 10 lagunen istorioekin. 

2016. URTEA: GAIXOTASUN DEGENERATIBOAK – 529.550 EURO

Segundu oro bizitza lelopean, gaixotasun neurodegeneratiboen alde izan zen hamazazpigarren EITB Maratoia, 2016an. Nerbio-sistemari eragiten dioten gaitzak dira, eta neuronen funtzio-galeraren eta heriotzaren ondorioz gertatzen dira. Besteak beste, narriadura kognitiboa, memoriaren galera, portaeraren aldaketak eta mugimenduaren nahasmenduak dira gaixotasun honen sintoma nagusiak. Oso ohikoak dira 65 urtetik gorako pertsonengan, eta 80 urtetik gorako herritarren erdia baino gehiagori eragiten dio.

Maratoiaren edizio hartan, giza erlojua osatu zuten herritarrek Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian, hiriburu bakoitzean bat; izan ere, denbora oso garrantzitsua da gaixotasun neurodegeneratiboetan, horrek markatzen baitu nola egiten duten aurrera. 529.550 bideratu ziren ikerketara. 

2015. URTEA: GAIXOTASUN ARRAROAK – 381.473 EURO

2015ean, Ikara dezagun beldurra lelopean egindako informazio eta sentsibilizazio kanpaina gaixotasun arraroen ikerketaren aldekoa izan zen, eta 381.473 euro batu ziren. Bigarren aldiz aukera zuen EITBk kausa hau; lehena 2007an izan zen. Gaixotasun arraroak maiztasun txikia duten edo herritarrei oso gutxitan erasaten dietenak dira. Gutxi gorabehera, 7.000 gaixotasun arraro (GA) daude.

Urte hartan, EITB Maratoiari lotutako arte ekintza egin zen Gasteizko Arka plazan.  Bertan, bederatzi artista arabarrek elkartasun kanpainaren goiburuak iradokitzen ziena islatu eta sortu zuten margo, oihal eta collageen bidez, besteak beste. Gainera, ekimenera hurbildu zirenen artean txoripanak saldu ziren euro baten truke.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena