12:51

EiTB TALDEA

EITB Pilotaren Etxea

Berrikuntzekin ekingo dio "Erremontari" saioak hirugarren denboraldiari gaur gauean

EITB Media

Adimen artifizialaren bidez sortutako abatar bat da aurtengo edizioak dakarren berritasun nabarmenena; astelehenero lehiaketaren xehetasunak publikoari hurbilduko dizkio Erremontari izeneko pertsonaiak. Erremontearen historian lehen aldiz, partidak set formatuan jokatuko dira.

6:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Duela hiru urte erremonteari zabalkundea emateko sortutako "Erremontari" saioak denboraldi berriari ekingo dio gaur, apirilak 17, ETB1en eta eitb.eus-en. Galarreta Hernaniko pilotalekuan jokatzen den Sagardoaren Txapelketak berrikuntzak izan ditu edizio guztietan, eta aurtengo nobedade nagusia izango da adimen artifizialaren bidez sortutako abatar bat. Erremontari izeneko pertsonaiak emango dizkio lehiaketaren xehetasunak publikoari pilotalekuan bertan eta EITBko emanaldietan.

Ahalegin berezia egin dute antolatzaileek abatar pertsonaia sortzeko, eta lau eratako inteligentzia artifiziala erabili dute horretarako. Horren eginkizun nagusia izango da astero txapelketaren nondik norakoak azaltzea, hots, datuak, deskribapenak eta emaitzak ematea. Horrez gain, hezur-haragizko aurkezleak izango ditu "Erremontari" saioak, orain arte bezala: Iñigo Aiestaran, Elena Azpeitia, Manuel Arrizabalaga Matxin eta Iñaki Agirre Gaztelu.

Bigarren berritasun bat ere izango du aurtengo lehiaketak: erremontearen historian lehen aldiz, partidak set formatuan jokatuko dira. Hala, 15 tantoko bi set jokatuko dira, eta, berdinketa izanez gero, 5 tantuko hirugarren bat. Bestalde, puntuaketa sistema berri bat ezarriko dute ligaxkan.

Nobedade horiek guztiak aurreko bi urteetan ezarritakoei batuko zaizkie. Hala, jokoaren emozioaz eta ikuskizunaz kantxan bezala bizitzeko aukera eskainiko du EITBk jokalarien kaskoetan jarritako kamera eta mikroekin, eta pilotalekuko beste toki estrategikoetan jarritako kameren bitartez. Emanaldiak osatzeko, halaber, pilotarien iritziak bildu eta erreportajeak eskainiko dituzte.

Saioko aurkezleak

Saioko aurkezleak

Sei bikotek parte hartuko dute XIII. Sagardoaren Txapelketan, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Urriza-Martirena (Alorrenea), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Segurola-Juanenea (Bereziartua), Ansa II-Zaldua (Aburuza) eta Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta).

Ligaxka fasean, denek denen aurka jokatuko dute. Zazpi jardunaldi izango dituzte horretarako: apirilak 17 eta 24, eta maiatzak 1, 8, 15, 22 eta 29. Sailkapeneko lau bikote onenek jokatuko dituzte finalerdietako neurketak, jardunaldi bakarrean, ekainaren 5ean, eta ekainaren 12ko finalean erabakiko da aurtengo txapelketako bikote irabazlea nor den.

Erremontearen dotoreziaz eta ikusgarritasunaz gozatzeko aukera izango dugu berriz, astelehen gauero, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena