EiTB TALDEA
Donostia Zinemaldia
EITB Media
69. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere hedabide eta leiho guztietan, irratian, telebistan eta Interneten.
Zinemaldiari arreta berezia eskainiko dio EITBk
Informazio gehiago (1)
Gaur hasiko den 69. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere hedabide eta leiho guztietan, irratian, telebistan eta Interneten. Aurten ere, iaz legez, Zinemaldia berezia izango da, baina ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta eitb.eus-en, irailaren 17tik 25era bitartean.
Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean, 21:00etan. Irekiera Galan besarkadek garrantzi berezia izango dute eta Marion Cotillard aktoreari Donostia Saria emateko ere baliatuko dute. Elena Iruretak, Asier Etxeandiak, Anne Igartiburuk eta Cayetana Guillén Cuervok aurkeztuko dute ekitaldia eta Kukaiko dantzariek, halaber, pieza koreografiko ugari egingo dituzte, baita Zea Mays taldeak musika-emanaldiak ere, Rozalének, Etxeandiak berak eta beste zenbait musikarik lagunduta.
Gala guztiak Jon Maya dantzari eta koreografoak zuzenduko ditu, bigarren urtez. Ostiraleko hasiera ekitaldia, Johnny Deppen Donostia sariaren gala eta Euskal Zinemarena. Sormen taldean kide izan ditu Harkaitz Cano eta Ane Garcia gidoilariak eta Luis Mari Moreno Urretavizcaya Pirata musika zuzendaria.
EITBn jarraitu ahal izango dira Euskal Zinemaren Gala (hilaren 21ean, 21:30ean, ETB4n eta eitb.eus-en), Johnny Deppen Donostia sariaren emanaldia (irailaren 22an, 22:00etan, ETB4n eta eitb.eus-en) eta itxiera gala (irailaren 25ean, 20:30ean, ETB1en eitb.eus-en).
ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak Donostiatik bertatik berri emango dute bederatzi egunetan. "Nos Echamos a la Calle" (ETB2) eta "Biba Zuek!" (ETB1) saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote.
eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio Zinemaldiari, ekitaldi nagusiak streamingez emateaz gainera. Berebat, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan.
Euskadi Irratian egunero arituko dira Zinemaldiaz albistegi eta programa nagusietan: "Faktoria"n (11:00etan), "Baipasa"n (16:30ean), asteburuetako "Amarauna"n eta "Kultur Leihoa" kultur albistegi nagusian. Sail ofizialaz gain, beste sailetan zer ikusi eta Zinemaldiak Donostian zer isla duen kontatuko dute egunero kaletik eta Zinemaldiaren egoitzatik, Kursaaletik. Aditu hauen laguntza izango dute: Arkaitz Basterra zinemagilea, Bego del Teso zinema kritikoa eta Paula Olaz musikagilea.
Irailaren 24an, ostiralean, kaletik egingo dute "Faktoria" magazina. Tabakaleraren atarian egongo dira Manu Etxezortu eta bere lantaldea. Eta eguerditik aurrera, Belako taldearen akustikoa eskainiko dute. Belakoren Pandemic Tour 2020 lana Zinemaldiaren Zinemira atalean eskainiko dute, hain zuzen ere.
Bestalde, Zinemaldia barrutik nolakoa den ikusteko aukera izango da egunero, Arkaitz Basterraren begietatik, Euskadi Irratiaren sare sozialetan.
Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko da kazetari lantaldea bertatik. Felix Linares EITBko kazetari eta kritikoak ere bere kronikak ekarriko ditu egunean zehar "Boulevard", "Distrito Euskadi", "Kultura.eus" eta "Mas Que Palabras" irratsaioetara.
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa