eguraldia
Sakonean
Onintze Salazar
Urte luzez halako izen propiorik entzun gabe egon ondoren, maiz entzuten ari gara Ana, Felix edo antzeko izeneko depresioek denboralea eragingo dutela. Zer dela eta?
Depresioa Arbizun (Nafarroa). Argazkia: Araceli Markotegi
Ezaguna da aspalditik zikloi tropikalei izenak jartzen zaizkiela, urakanak zein tifioak izan (azken finean, gauza bera dira eta). Ezagunenak, Ipar Atlantikoko urakanen izenak dira. Mitch urakana dugu askok gogoan, eragindako hondamendi eta hildakoen kopuru izugarri handiagatik (1988, Honduras, Nikaragua, Guatemala eta El Salvador: 9.000 hildako eta 9.000 desagertu), baita Katrina (2005, Estatu Batuak: 1.200 hildako) edo azken urakan denboraldian sorturiko Irma eta Harvey.
1953. urteaz geroztik zikloi tropikalei izenak jartzen zaizkie haizearen indarra 120 km/h-tik gorakoa denean. Munduko Meteorologia Erakundeak 6 urterako zerrendak sortzen ditu, gizonezko eta emakumezkoen izenak tartekatuz (nahiz eta hasieran soilik emakumezkoen izenak erabiltzen ziren, baina hori beste kontu bat da), A letratik hasi eta Z-ra iritsi arte. Sei urteren buruan errepikatzen dira zerrenda horiek, oso hilgarri izan diren urakanen izenak ezabatuta (Mitch eta Katrina, adibidez).
Nazioartean, eta bereziki profesionalen artean, fenomeno meteorologiko arriskutsu horiek ondo identifikatuak izateko helburuarekin jaio zen izendapen sistema hori, baina badu baita beste onura bat ere. Hain suntsigarria izan daitekeen fenomeno batek izen propio bat duenean biztanleria kontzienteagoa dela eta ondorioz, babes neurriak hobeto beteko dituela uste da.
Gurean urakanik ez, baina jasan ditugu Klaus (2009) edo Xynthia (2010) izeneko depresioen ondorioak (bi kasu horietan, ziklogenesi leherkor prozesuak sortuak). Eta aurtengo neguan, urte luzez halako izen propiorik entzun gabe egon ondoren, maiz entzuten ari gara Ana, Felix edo antzeko izeneko depresioek denboralea eragingo dutela. Gainera, etorritako borraska batzuk bi edo hiru izen ezberdinekin ere ikusi ditugu. Zer dela eta? Zer gertatzen da izenen kontu honekin?
Badira urteak, 1954. geroztik, Berlingo Unibertsitate Libreak borraskak izendatzen dituela. Den-denak. Baita antizikloi guztiak ere. Euro batzuen truke, depresio edo antizikloi batek zure izena izan dezake (adibidez, nirea, Onintze) eta bide batez, meteorologia departamentuko proiektu baten finantziazio arazoari aurre egiten lagundu dezakezu. Hortik datoz, lehen aipaturiko Klaus eta Xynthia famatuak.
Bestalde, 2015. urtean, Erresuma Batuko eta Irlandako meteorologia zerbitzuek (Met Office eta Met Éireann) zerrenda propioa sortzea erabaki zuten, bertan eragin zuzena izan zezaketen depresioen izenekin.
Ordutik aurrera borraska batzuek Europan bi izen ezberdin izan dituzte, nahiz eta horrek ez duen nahasmen handirik eragin gurean. Harik eta hirugarren zerrenda azaldu arte. 2017ko abendutik aurrera Portugaleko, Espainiako eta Frantziako zerbitzu meteorologikoek (IMPA, Aemet eta MétéoFrance) zerrenda bateratu bat erabiltzea adostu zuten. Aurreikuspenen arabera, borraska batek hiru herrialde horietakoren batean haizeagatik alerta laranja edo alarma gorria eragin dezakeenean, izendatua izaten da. Lehenari, Ana izena jarri zioten. Ondoren, Bruno, Carmen, David, Emma, Felix eta Gisèle etorri ziren. Azkena Hugo izan da.
Orduan, hiru izen ezberdin izan ditzake Europako borraska batek? Ba, printzipioz, ez. Portugal, Espainia, Frantzia eta Erresuma Batuaren artean akordio batera iritsi dira, non izendatzen lehena izan denari errespetatuko zaion jarritako izena. Dena den, ez omen da horren erraza, eta Friederike, Fionn eta David izenekin hasiera batean behintzat nahasmen handia sortu zen.
Ekimen berri baten hasierako urratsak direla kontuan hartuz, pentsatzekoa da hemendik aurrera modu koordinatuago batean lan egiteko ahaleginak egingo direla. Europako herri guztien artean zerrenda bakarra sortzea litzateke aukerarik onena, edo Munduko Meteorologia Elkartea koordinazio lanetan jartzea, urakanen kasuan egiten duen bezala. Izan ere, izenen helburua etor daitekeenaren aurrean informazio argiagoa izatea bada, izen bat baino gehiago izateak ez du batere laguntzen.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa