12:15

eguraldia

Olatu handiak Iparralden

Denboraleak 'Luno' zamaontzia bi zatitan puskatu du Angelun

Erredakzioa

Murueta ontziolek egindako 'Luno' ontzia bitan zatitu Angeluko hondartzaren parean, itsas denboralearen ondorioz. Ontziko 15 tona erregai itsasora isuri dira, Angeluko alkateak baieztatu duenez.

2:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Luno’ ontzia bitan apurtu da Angeluko Barren hondartzaren parean, Iparraldean. Murueta ontziola bizkaitarrak 1994. urtean egindako ontzia atzo atera zen Pasaiako Portutik eta, gaur goizean, bitan zatitu da itsas denboralearen ondorioz. ‘Luno’ merkataritza ontzi bat da eta ez darama zamarik. Hala ere, 127.000 litro kubiko gasolio eta 12.000 litro olio daramatza eta kutsadura egoteko arriskua dago.

Ontzi barruan 12 lagun egon dira, eta Frantziako armadaren bi helikoptero tokira joan dira marinelak ateratzeko helburuarekin. Dagoeneko hamabi marinelak ontzitik atera dituzte. Jean Espilondo Angeluko alkateak azaldu duenez, marinel bat zauritu da eta, kolpearen ondorioz, sudurra apurtu du.

Galiziako bost marinel, Kubako bat, Asturiaseko bat, Kantabriako bat, Kataluniako bat eta bi euskal herritar (Barakaldoko bat eta Getxoko beste bat) zihoazen ontzian.

Angeluko hondartzan, gasolio usaina handia dago eta Poliziak segurtasun lerroa ezarri du. Angeluko alkateak ohartarazi du kutsadura arriskua "benetakoa" dela eta kostaldera ez hurbiltzeko gomendioa egin du.

Espilondok azaldu duenez, ontziak 100 tona erregai zituen, 70 Cavalier hondartzan behea jo duen barkuaren brankan daude, "albiste on" bat; beste 15 tona morruan hondartu den popan daude, eta gainerako 15 tonak itsasora isuri dira dagoeneko.

Frederic Cuvillier Frantziako Garraio ministroaren hitzetan, "erreskatea baldintzarik onenetan" egin da, eta "dramarik" gertatu ez dela goraipatu du. Horrela, "istripu txikia" izan dela nabarmendu du. Cuvillier istripuaren tokira arratsaldean joango da.

Frantziako Garraio ministroak azaldu duenez, hondoratzeak ez da kutsadura masiborik eragingo, eta oraingoz "oso mugatua da", gaineratu du.

Alerta mezua

Antza, Baionako kaiko dike baten aurka talka egin eta, ondorioz, bitan zatitu da. Ontziak ez zeraman kargarik, eta istripua izan aurretik Baionako portuari mezua bidali dio, matxura elektriko handia izan dutela ohartaraziz. Kaian sartzen saiatu den unean, haizeak ‘Luno’ portuko dikearen aurka eraman du eta, horrenbestez, bitan zatitu da.

Zenbat erregai isuri den jakiteko goiz dela azpimarratu du Lunel Delort ontziko kapitainak. Hala ere, fuel arina dela gogorarazi du kapitainak, eta "marea beltza" baten aurrean gaudenik baztertu du.

LUNO efe

'Luno' ontziko marinelak erreskatearen ostean. Argazkia: EFE.

Ontzia Pasaiako kaitik atera zen atzo arratsaldean, Baionako norabidean. Pasaiako portuan egon zen urtarrilaren 9tik, Zamakona ontziolan ohiko azterketa bat egiten.

Garbiketa lanak

Frantziako Itsas Armadako aditu talde bat Brestetik Baionara joan da egoeraren azterketa egiteko.

Itsasbeherarekin ontziaren bi zatiekin zer egin erabakitzeko aukera izango dute adituek. Zati batek hondartzan hondoa jo du, eta bestea portuko morruaren harkaitzetan hondartu da.

Ontziaren bi zatiak atoian eramatea planteatzeko "oso goiz" da; izan ere, horretarako aseguru-etxeak eta armadoreak ados jarri behar dira, Itsas Prefekturako bozeramaileak azaldu duenez.

Denboraleak kalte handiak egin ditu azken egunetan Euskal Herriko kostaldean. Atzo, haizea eta euria Iparraldera iritsi ziren, eta Bretainian 150 kilometro orduko haize boladak izan dira.

LUNO efe

'Luna' ontzia erdibituta. Argazkia: EFE

1994. urtean eraikia

Luno ontzia Murueta Ontziolak egin zuen 1994. urtean, eta Bizkaiko Naviera Murueta enpresarena da. Ontziak Espainiako bandera eta basea Tenerifeko portuan zuen.

Substantzia arriskutsuak eramateko egin zuten, Naviera Muruetak bere web orrian jakitera eman dutenez.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena