19:23

Teknologia

Erraldoi teknologikoak

OpenAI bere sare sozial propioan ari da lanean, eta Xen antzekoa izango litzateke

Agentziak | EITB Media

Sam Altman OpenAIko zuzendari exekutiboak pribatuan iritziak eskatu ditu oraindik lehen faseetan dagoen proiektuari buruz. Ez dago argi konpainiak sare soziala aplikazio independente gisa abiarazteko edo ChatGPTn barneratzeko asmoa duen.

  • Sam Altman OpenAIko zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE

    Sam Altman OpenAIko zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

OpenAI bere sare sozial propioan ari da lanean, Xen antzekoa, The Vergek gaur jakinarazi duenez, konpainiaren gertuko iturriak aipatuta. OpenAIko zuzendari exekutiboa, Sam Altman, pribatuan iritziak eskatzen aritu da azkenaldian, The Vergeren arabera, proiektua lehen faseetan baitago oraindik. Ez dago argi konpainiak sare soziala aplikazio independente gisa abiarazteko edo ChatGPTn barneratzeko asmoa duen.

Erabaki horrek areagotu egin ditzake Altmanen eta Elon Musk handi-mandiaren arteko tentsioak. Elon Musk Xen jabea eta OpenAIren sortzaileetako bat da, eta 2018an utzi zuen startupa, enpresa adimen artifizialaren lasterketan lider gisa sendotu aurretik.

Bien arteko ika-mika areagotu egin da azken hilabeteetan. Otsailean, Musk buru duen inbertitzaileen partzuergo batek 97.400 milioi dolarreko eskaintza aurkeztu zuen OpenAI erosteko, baina Altmanek ezezkoa eman zion, "ez, eskerrik asko" esanez.

Muskek salaketa jarri zion Altmani iaz, "OpenAIren jatorrizko helburua, hau da, gizateriaren onurarako adimen artifiziala garatzea, bertan behera utzi zutela" argudiatuta, "mozkinak lortzea lehenetsiz".

OpenAIk kontra egin zion Muski hil honen hasieran, "jazarpena" salatuz eta "irabazi-asmoko eredu baterako trantsizioa zapuzten saiatzea" egotzita. Epaiketa datorren urteko udaberrian izango dute.

OpenAIren sare sozial bat ere zeharkako lehia izan liteke Meta Facebooken jabearentzat. Otsailean, Altmanek Xenn erantzun zien Metaren egitasmoei buruzko berriei, adieraziz: "Ados, agian aplikazio sozial bat sortuko dugu".

Bai Metak eta bai Xek datu kopuru izugarria dute eskura (erabiltzaileek sare sozialetako plataformetan argitaratutako eduki publikoa), eta adimen artifizialeko ereduak haiekin entrenatzen dituzte.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen