Teknologia
Informatika jaialdia
Espiritu ekintzailean blai, Barakaldoko Euskal Encounterren
Erredakzioa
Aurtengo edizioan, parte-hartzaileen espiritu ekintzailearen aldeko apustua sustatu du euskal partyak. Ondorioz, negozioak martxan jartzeko aholkularitza bat abiatu du.
Parte-hartzaileen espiritu ekintzailearen aldeko apustua suspertu du aurten Barakaldoko BECek hartu duen Euskal Encounter 2012ak. Ondorioz, negozioak martxan jartzeko tailerrak, hitzaldiak eta aholkularitza bat abiatu ditu. Euskal partyaren antolatzaileen aburuz, talentu handia dago informatika-jaialdi honetan, eta hori agerian geratu da balizko ekintzaileak aholkatzeko hainbat saioetan.
Negozio bat abiatzeko plataforma egokia da Euskal Encounter eta horren adibidea da Mod PC enpresa, Iagoba Itxaso Bidauzarraga bilbotarrak duela 9 urte sortutakoa. Iagobak jaialdi honen lehen edizioetan parte hartu zuen, eta ordutik bezeroekin, hornitzaileekin eta bestelako lagunekin harremanetan jartzeko balio izan dio partya.
Arturo Monederok, Ivan Armadak eta Asier Quesadak ere haien negozioetarako tranpolin modura erabili zuten Euskal Encounter. Duela sei urte Delirium Studios enpresa sortu zuten Bilbon. Bideojokoak, 3Dko animazioak eta simulagailuak sortzen dituzte, eta etxeko "izarra" Nintendo 3DS konsolarako egindako 'Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada' bideojokoa da.
Aholkuak ematerako orduan, ekintzaile gehienak ados jarri dira. Enpresa arloan egoera bereziki konplikatua bada ere, ekintzaileei komeni zaie "ez amore ematea eta berezoak mantentzeko borrokatzea".