Itxi

Teknologia

ZIGORRA

Publizitatearen arloan zerbitzu propioen alde egitea leporatu dio Bruselak Google konpainiari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bruselak Googleren aurka egiten duen laugarren aldia da honakoa. Konpainia estatubatuarrari, "publizitatearen arloan zerbitzu propioak online bistaratzen laguntzea" leporatu dio Europako Batzordeak, "gainerako hornitzaileen kaltetan".

  • Google konpainiaren egoitza. Artxiboko argazkia: EFE

    Google konpainiaren egoitza. Artxiboko argazkia: EFE

Publizitate arloan 'adtech' zerbitzuak bultzatuz, bere nagusitasuna neurriz kanpo baliatzea leporatu dio asteazken honetan Europako Batzordeak formalki Google multinazional teknologikoari. Iragarleek, audientzia zabalagoak lortzeko eta publizitate-kanpainen eragina neurtzeko erabiltzen dituzten tresnak eta programak dira.

Bruselaren arabera, publizitatearekin lotutako zerbitzuen alor horretan, negozioaren kudeaketa zati bat besteen esku uztea izan daiteke salaketa hori alde batera uzteko irtenbide bat: "Google konpainia legez kanpo jardun zuela baieztatzen badugu, zerbitzu batzuk beste batzuen esku uzteko eskatuko dio Batzordeak konpainiari", esan du Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak asteazken honetan, Bruselan egindako agerraldian. Hala, konpainiak bere portaera aldatzeko eman dezakeen hitza bakarrik ez duela balio izango nabarmendu du.

Europako Batzordeak horren inguruko ikerketa bat abiatu zuen 2021eko ekainean, eta gaur bertan ohar bat bidali dio konpainia estatubatuarrari, "publizitatearen arloan bere zerbitzu propioak online bistaratzen laguntzeagatik, gainerako hornitzaileen kaltetan".

Bruselak Googleren aurka egiten duen laugarren aldia da honakoa, Android sistemaren, Google Shopping prezio-konparaziorako zerbitzuaren eta Adsense for Search plataformaren bidez bere nagusitasuna neurriz kanpo baliatzea leporatu ondoren. Hori guztiagatik, 8.000 milioi euro inguruko isunak ezarri dizkiote.