Teknologia
Internet
Indarrean sartu da merkatu digitalen Europako legea, teknologia handien gehiegikerien aurka borrokatzeko
Agentziak | EITB Media
Monopolioaren kontrako arauak betebehar batzuk ezartzen ditu lehia askearen izenean. Enpresa teknologiko handiek bete beharko dituzte, Europar Batasunak horiek ikertu aurretik.
-
Facebook.
Indarrean sartu da merkatu digitalen Europako legea, Google, Amazon, Facebook edo Apple bezalako erraldoi teknologikoen botere gehiegikeriei aurre egiteko helburuarekin. Arauak monopolioaren aurkako arau berriak ezartzen ditu Interneteko plataforma handientzat. Ez da aplikatzen hasiko sei hilabete barru arte, 2023ko maiatzaren 2tik aurrera, Europako Batzordeak azaldu duenez.
Araudiaren helburua da enpresen eta kontsumitzaileen arteko lotura gisa aritzen diren plataforma digitalen jardunbide desleialak bukatzea.
Legeak lehia askearen arloko aurretiazko betebeharrak ezartzen ditu. Enpresa teknologiko handiek bete beharko dituzte, Europar Batasunak horiek ikertu aurretik.
Horrela, eskaintzen dituzten zerbitzu ugarien bidez lortzen dituzten erabiltzaileen datu pertsonalak konbinatzea debekatzen die. Adibidez, Facebookek ezingo du bere sare sozialetik lortzen duen informazioa WhatsApp mezularitza zerbitzuarekin gurutzatu, aldez aurreko baimenik ez badago.
Era berean, enpresei beren bezeroek sortutako datuak eskuratzeko baimena eman beharko diete, erabiltzaileei gailu mugikorretan lehenetsita datozen aplikazioak desinstalatu ahal izateko aukera eman beharko diete, eta teknologikoei debekatu egingo zaie beren zerbitzuen alde egitea, lehiakideenen kaltetan.
Legeak hilean 45 milioi erabiltzaile eta urtean 10.000 erabiltzaile baino gehiago dituzten enpresei eragiten die, eta munduko fakturazioaren % 20rainoko isunak eta, azken finean, enpresen berregituraketa aurreikusten ditu.