00:14

Teknologia

Sare sozialak

WhatsApp, Facebook eta Instagram sei orduz egon dira erorita mundu osoan

EITB Media

Facebooken sare sozialetako erabiltzaileek konexio arazoak izan dituzte arratsaldetik gauerdira bitartean.

  • Argazkia: EITB Media

    Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

WhatsApp, Facebook eta Instagram sare sozialak sei ordutik gora egon dira erorita mundu osoko hainbat herrialdetan, eta oraingoz ez dute argitu arrazoia zein izan den.

Downdetector webgunearen arabera, erabiltzaileak 17:30etik aurrera hasi dira konexio arazoak nabaritzen. Gauerdirako minutu gutxi batzuk falta zirenean bueltatu da egoera bere onera.

Sei ordu luze horietan, ezinezkoa izan da WhatsApp bidez mezurik bidaltzea edo jasotzea, Instagramen horma gaurkotzea edo Facebooken sartzea.

Twitterren publikatutako txio batean, Facebookek esan du "lanean" ari direla "normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko", baina ez du beste daturik eman gertatutakoa azaltzeko.

Facebook iritzi publikoaren jomugan dago AEBn azkenaldian. Izan ere, The Wall Street Journal egunkariak publiko egin ditu barne ikerketa batzuk, eta ikerketa horien ondorioak kaltegarriak dira sare sozialarentzat. Besteak beste, ondoko titularrak utzi dituzte "Facebooken artxiboek": plataformak badakiela Instagram "toxikoa" dela nerabeentzat, eta Facebookek erantzun "eskasa" ematen duela droga eta emakume-trafikatzaileen mezuak topatzen dituenean.

Burtsan, ia % 6 jaitsi da konpainia gaurko saioan.

Orain arte, Facebookeko zerbitzuek 2019ko martxoan izan zuten konexio galera handiena. Orduan, 22 ordu egon ziren erorita.

Aurtengo ekainean, mundu osoko webgune garrantzitsuenetako asko, hala nola Amazon, The New York Times eta Financial Times konpainiena, ordubetez izan ziren konexio barik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena