18:42

Teknologia

Trumpen gerra komertziala

Googlen betoak nola eragingo die Huawei telefonoaren erabiltzaileei?

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aplikazioak jaisteko aukera izango dute, baina Android sistema eragilea eguneratzea galaraziko die Googlek.

  • Huawei konpainiaren denda bat Pekinen.

    Huawei konpainiaren denda bat Pekinen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Google eta Huawei konpainien arteko gatazkaren ondorioz beren sakelakoarekin arazoak dituzten erabiltzaileek konpentsazio ekonomikoak erreklamatzeko aukera izango dutela adierazi dute Facua eta Legalitas erakundeek; izan ere, Huaweik konpainiak telefonoa eta aparatuak funtzionatzeko behar duen sistema eragilea, biak saltzen dizkio kontsumitzaileari.

Googlek eta Huaweik astelehen honetan ziurtatu dute orain arte saldutako mugikorretan eta stock-ean dauzkaten aparailuetan denak berdin jarraituko duela, hau da, Google Playtik aplikazioak normaltasunez jaitsi ahalko dituztela, segurtasun sistema eguneratzeko aukera izaten segituko dutela eta salmenta osteko zerbitzuak eskainiko zaizkiela hala beharrizanez gero.

Nolanahi ere, aplikazioak jaisterakoan edo segurtasun neurriak eguneratzerakoan eragozpenik izanez gero, Espainiako nahiz Europako araudiak erabiltzailea babesten duela azpimarratu du Facua kontsumitzaileen elkarteak.

"Aparailua bi urteko bermea agortu aurretik arazoak ematen hasten bada, erabiltzaileak saltzaileari konpentsazio ekonomikoa eskatzeko eskubidea izango du. Eta bermerik gabe ere, konpentsazioa eskatzeko aukera izango luke, konpainiak kontratua urratu duela frogatuta", dio Facuak.

Legalitasek nabarmendu du konpainia txinatarrak ez duela soilik telefonoa saltzen, mugikorrak behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoa den softwarea ere salatzen baitu. "Telefonoaren sistema eragilea, beraz, erositako produktuaren zatia da eta, arazoak ematen baditu, erantzukizunak eskatzeko aukera izango du bezeroak", azaldu du.

Legalitasek erantsi du Huawei konpainiak berak ere hala dela aitortzen duela bere webgunean bermeei buruz argitaratutako atalean.

Facuak adierazi du kontsumitzaileak Ameriketako Estatu Batuek Txinaren aurka hasitako gerra komertzialaren biktimak direla; eta Googlek nahiz Huaweik egun merkatuan dauden telefonoek kalterik izango ez dutela esan arren, ziurgabetasun egoera nagusi dela kritikatu du, "Android sistema eragilearen bertsio berria instalatu ahal izango duten ez dagoelako argi".

Legalitasek esan du bi urteko bermea amaituta badago ere, enpresak irtenbide bat eskaini behar diela bere bezeroei, telefonoetan arazoak izanez gero. Hala egiten ez badu, erabiltzaileek erreklamazio bat idatzi beharko lukete konpainiari helarazteko. Honek konponbiderik eman ezean, kontsumitzaileen elkarteekin harremanetan jartzeko gomendioa luzatzen dute.

Bitartean, Googlek jakinarazi du Huawei konpainiaren erabiltzaileek Google Play-tik aplikazioak eta segurtasun neurriak jaisten segitu ahalko dutela, baina ez dutela aukerarik izango Android sistema eragilea eguneratzeko.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena