21:09

Teknologia

Pribatutasuna

Facebookeko erabiltzaileen informazio pribatua, munduko 150 enpresa handiren eskura

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

'The New York Times' egunkariak argitaratu duenez, Microsoft edo Amazon konpainiek, besteak beste, Facebookeko erabiltzaileen datu eta mezu pertsonalak biltzeko aukera izan dute.

  • Facebook.

    Facebook.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Facebookek bere erabiltzaileen datu pertsonalak, besteak beste, Netflix, Spotify, Amazon eta Microsoft konpainia handien esku jarri ditu, pribatutasuna bermatzeko neurri eraginkorrak hartu dituela agindu zuen arren.

The New York Times egunkariak gaur argitaratu duenez, Facebookek bere erabiltzaileen informazio pribatua mundu osoko 150 enpresa baino gehiagorekin partekatu du, Merkataritzako Batzorde Federalarekin egin zuen akordioa urratuta. Itun horren arabera, erabiltzaileen baimenik gabe informaziorik ez partekatzeko konpromisoa hartu zuen Facebookek 2011n.

Facebookek bere babesle diren enpresekin egindako akordioak oinarri hartuta eta Mark Zuckerbergen konpainiako 50 langile ohiren testigantzak bilduta egin du ikerketa aipatu egunkariak.

Agiri horien arabera, Microsoften Bing bilatzaileak Facebookeko erabiltzaileen lagun guztien izen-abizenak ikusi ahal izan ditu; Netflixek eta Spotifyk mezu pribatuak irakurri ahal izan dituzte; Amazonek erabiltzaileen eta haien lagunen izenak eskuratu ahal izan ditu; eta Yahook Facebookeko erabiltzaileen lagunek bidalitako mezuak ikusi ahal izan ditu.

Facebookek bere babesleekin egindako akordio zaharrenak 2010ekoak dira, baina 2017an eta 2018an horietako asko oraindik indarrean zeudela egiaztatu du The New York Times egunkariak. Guztira, 150 enpresa baino gehiago baliatu dira informazio horrekin, eta hilean dozenaka milioi erabiltzaileren informazioa bildu dute.

Eskandalua publiko egin ostean, Facebookek oharra kaleratu du enpresa horiekin egindako akordioek Merkataritzako Batzorde Federalaren ituna betetzen dutela esanez; izan ere, informazio pribatu hori erabiltzaileen oniritziarekin jaso dutela esan du sare sozialaren zuzendaritzak.

Amazon edo Microsoft konpainiek ere hitz egin dute: informazioa ez dutela modu desegokian erabili esan dute, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman Facebookekin duten akordioaren harian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena