Teknologia
martxoak 9-11 bitartean
Gipuzkoa Encounterrek 15 segundotan agortu ditu berriz 400 lekuak
eitb.eus
Informatika zaleek segundoko 10 gigako konexioa izango dute erabilgarri. Aurtengo hitzaldiak zibersegurtasuna izango dute ardatz.
-
Egunero 600 bat parte-hartzaile ibiliko dira topaketan. Agazkia: Gipuzkoa Encounter
2018ko Gipuzkoa Encounter topaketaren zaleek 15 segundo eskasetan erreserbatu dituzte parte-hartzaileentzako eskaintzen ziren 400 ordenagailu-postuak, iaz bezala.
Antolatzaileek ohar baten bidez zabaldu duenez, informatika eta teknologia berrien ehunka zalek elkarren artean lehiatu dute segundo gutxiren buruan 400 eserlekuetako bat eskuratzeko. Lortu ez dutenek sarean konektatu eta jarduera guztietan parte hartzeko aukera emango dien eguneko sarrera erosi ahalko dute edo Opengune eremu irekira joan, bestela.
Topaketa martxoaren 9a eta 11 bitartean egingo da, eta 600 parte-hartzaile jasoko dituen partyaren eremua izateaz gain, Opengunea ere irekia egongo da aurten ere, bertaratu nahi duten guztientzat.
"Han doako hitzaldiak egongo dira gai anitzen inguruan, arte digitaletik hasita droneen eraikuntzaraino", dio oharrak. Hala, aurten zibersegurtasunari buruzko hizketaldiak nagusi izango dira, enpresa txiki zein partikularrei zuzendutako informazioarekin.
Euskaltelek Tolosako Usabal kiroldegian ezarriko duen sare informatikoak segundoko 10 gigako konexio-abiadura emango die parte-hartzaileei, eta, horri esker, nabarmen gaindituko da etxeetako konexioen potentzia. Horrela, Estatuko informatika-topaketa azkarrenetakoen artean dago Gipuzkoa Encounter.
Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurumena eta Lurralde Oreka Departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, SPRIren bitartez.