Teknologia
Uztailaren 22-25
Euskal Encounter 'ahaztezina', 25. urteurrena ospatzeko
eitb.eus
Aurten, San Mamesen neurriko zazpi zelaik hartuko luketen lekua izango du euskal informatika-jaiak. Besteak beste, errealitate birtuala, 360º-ko zinema, 3Dko inprimagailuak eta droneak izango dira.
-
Euskal Encounter 2017. EFE
Gaur, larunbata, hasi eta asteartera arte, uztailak 25, ospatuko den Euskal Encounter topagunearen antolatzaileek bilkura "ahaztezina" izatea nahi dute, 25 urte beteko dituen honetan.
Horretarako, egitarau zabala antolatu dute. Aurten, 5.024 ordenagailurako lekua egongo da, eta festaren gunea ere zabaldu dute, 50.600 metro koadro hartuko baititu; hau da, % 30 handitu da aurreko urteetako azalera. San Mamesen neurriko zazpi zelaik hartuko luketen tokia izango du euskal informatika-festak.
Aurten, gainera, beste pabiloi bat gehiago hartu dute, eta beste bi jarduera-arlo sartu dituzte programan: batetik, droneen zirkuitua egongo da, eta gailu horiek fabrikatzen eta erabiltzen ikasteko saioak eskainiko dituzte, baita lasterketak ere. Auto elektrikoen gunean, berriz, parte-hartzaile gazteek elektronikari, informatikari eta aerodinamikari buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte euren kotxeak ekoitziz.
Nerea Lupardo Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta fundazioko buruak azaldu zuenez, bilkura hau "Euskaltelen gaitasun teknologikoen erakusleiho onena bilakatu da".
Lupardoren esanetan, azken 25 urteotan hobekuntza handiak egin dira: lehenengo urtean, esaterako, Urretxun, "segundoko 64 kb-eko konexio-abiadura genuen; gaur egun, berriz, segundoko 40 Gb simetrikora iritsi gara". Gainera, agerikoa da partaidetzak izugarri egin duela gora: gipuzkoar udalerriko frontoian egindako lehen bilkuran 36 zalek hartu zuten parte, euren Commodore Amiga ordenagailuekin, eta 2017ko uztailaren 22a eta 25a artean garatuko den topaketan, aldiz, 8.000 parte-hartzaile bilduko dira.
Bestalde, Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Berrikuntza arloko zuzendariak zoriondu egin ditu antolatzaileak, munduko 'party' azkarrenetarikoa eta Europan erreferentziazkoa dena sortzeagatik.
Era berean, Sabino San Vicente Euskaltel Konekta fundazioko arduradun eta Euskal Encounterren antolatzaileak gogora ekarri du ekimen honek beti funtzionatu duela "proiektuen hazitegi" gisa, hasieratik sustatu baitu parte-hartzaileen arteko ezagutza trukea eta negozio ekimen berrien garapena.
Eskaintza zabala
Aurtengo bisitariek inoiz baino ekintza gehiago izango dituzte aukeran Opengunean, publikoari irekitako doako eremuan. Errealitate birtualeko azken aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte, baita irudiak 360º-tan proiektatzen dituen zinema esferiko batean murgiltzeko esperientziaz gozatu ere.
Horrez gain, euren diseinuak 3D inprimagailuetan inprimatu ahal izango dituzte, eta bideo-jokoen txapelketa amateurretan parte hartu. Azken belaunaldiko produktu teknologikoen salmenta eta informazio standak ere egongo dira.
Aurten 38 hitzaldi eta tailer antolatu dituzte, hainbat gairen inguruan: segurtasun informatikoa, robotika, programazioa, web garapena, sormen digitala eta marketina, besteak beste.