Itxi

Teknologia

Uztailaren 22tik 25era

Euskal Encounter topaketak parte-hartze markak hautsiko ditu 25. urtemugan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

8.000 pertsonak hartuko dute parte BECen uztailaren 22tik 25era egingo duten informatika festan.

  • Iazko Euskal Encounter. EFE

    Iazko Euskal Encounter. EFE

Euskal Encounter topaketak 5.024 ordenagailu plaza eskainiko ditu Barakaldoko BECen uztailaren 22tik 25era bitartean, iaz baino 416 postu gehiago.

Lehenengo 4.000 eserlekuak 5,8 segundoan agortu dira, eta gainontzekoak eskuz esleitu dituzte. Horrela, topaketan egon nahi izan duen jende kopuru handiari esker, "historiako Euskal Encounter handiena izango da aurtengoa, 8.000 parte-hartzailerekin baino gehiagorekin eta milaka bisitarirekin", antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Ordenagailu festak ordenagailu sare erraldoia izango du elkarren artean konektatuta, eta konexio abiadura segundoko 40 giga simetrikokoa izango da (datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste 40). Lau egunetan etenik gabeko jarduera izango da, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideo jokoak ardatz dituzten dozenaka ekintza eta lehiaketarekin.

"Ekintza horiek egiteko, etxeetako konexio abiadura nabarmen gaindituko dute parte-hartzaileek Euskaltelen teknologiari esker, eta antzeko topaketek eskaintzen duten abiadura ere soberan gaindituko da. Zentzu honetan, Euskal Encounter munduko informatika-topaketa azkarrenetarikoa dela esan daiteke", adierazi dute.

Euskaltelek antolatutako eta Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez babestutako festaren "osasun ona ospatzeko", antolatzaileek berrikuntzak, sorpresak, opariak eta zozketak iragarri dituzte. Eserleku finkoa duten parte-hartzaileak barne hartuko dituen ordenagailuen guneaz gain, publikoari irekia eta doakoa den Opengune eremuak milaka bisitari hartu eta jarduera ugari eskainiko ditu: dozenaka hitzaldi eta prestakuntza saio, produktu informatikoak eskuratzeko eta azken berrikuntzak ezagutzeko standak, eta robotikako, errealitate birtualeko eta 3Dko inprimagailuen guneak.

Informatika topaketaren 25. urteurrenaren berrikuntzetako bat Kid's Kit-Car Greenpower elkarteak antolatutako auto lasterketa da. Jardueraren helburua da festan zehar hamar kotxe elektriko diseinatu, eraiki eta gidatzea. Hamar taldetan banatutako ehun bat parte-hartzaile lantaldean arituko dira erresistentzia lasterketa batean lehiatuko diren auto pertsonalizatuak eraikitzen. Lasterketa mota horren xedea izango da energia kopuru berarekin bira kopuru handiena ematea, eta hori lortzeko autoen kontsumoa optimizatu beharko dute taldeek.

 

Diseinu eta eraikuntza faseetan irakasleen eta Euskal Encounterreko parte hartzaileen laguntza jasoko badute ere, umeak eta gaztetxoak izango dira jarduera berriaren protagonistak, eurek gidatuko baitituzte taldean eraikitako autoak.

Ariketa horren bitartez, antolatzaileen helburu nagusia 7 eta 26 urte bitarteko ume eta gazteen STEAM gaitasunak garatzea da -zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak-, ingelesaren ezagutza eta erabilera sustatzearekin batera.