Itxi

Teknologia

11. ekitaldia

Gipuzkoa Encounterrek 3.000 lagun bildu eta bere marka hautsi du

eitb.eus

Iraun duen hiru egunetan zehar 2.960 pertsona bildu ditu topaketak, bisitari eta parte-hartzaileen artean.

  • Argazkia: Gipuzkoa Encouter

    Argazkia: Gipuzkoa Encouter

Gipuzkoa Encounter informatika-topaketak parte-hartze marka hautsi du aurtengo ekitaldian; izan ere, hiru egunetan 2.960 pertsona elkartu ditu Tolosan, parte-hartzaile eta bisitarien artean. Antolatzaileak oso pozik agertu dira ekimenaren emaitzekin, jakinarazi dutenez "erabateko arrakasta" lortu baita arlo guztietan.

Hamaikagarren ekitaldian, 600 parte-hartzaile eta 2.360 bisitari bildu ditu Gipuzkoa Encounterrek, eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "teknologiaren epizentro bilakatu da Usabal kiroldegia".

Opengunearen balantze bereziki baikorra egin dute antolatzaileek, asteburu osoan zehar lagun ugari erakarri baititu; gaztetxoak batik bat. Publikoari irekitako 600 metro koadroko zonak 3D inprimaketako eta errealitate birtualeko zonak, jokoak, hitzaldi eta tailerrak eskaini ditu.

Prestakuntza-saioak ere egin dituzte, eta beraietan gai oso anitzak jorratu dituzte enpresa eta erakunde desberdinetako adituek: segurtasun informatikoa, 4.0 industria edo sare sozialen erabilera komertziala, besteak beste. Horrez gain, robotikako eta led argien programazioko tailerretan parte hartu du haur mordoak.

Antolatzaileen aburuz, "Gipuzkoa Encounter Estatuko ekitaldi teknologiko handienen artean dago" darabiltzan abiadura datuak kontuan hartuta: "15 kilometro kable eta 10 gigako interneterako konexio abiadura".