Teknologia
Araba Encounter
795.000 giga mugitu dituzte Araba Encounterren hiru egunetan
Agentziak | Erredakzioa
Antolatzaileek topaketak izan duen harrera ona nabarmendu dute, eta horrek ekimenak aurrera jarraitzea bermatzen duela baieztatu dute.
-
Araba encounter
Araba Encounter bilkuran, hau da, Araban informatika alorrean urte osoan egiten den hitzordu handienean parte hartu duten 600 lagunek 795.000 giga mugitu dituzte hiru egunean. Hala eman dute jakitera antolatzaileek prentsa-ohar baten bitartez.
Ekimenaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan, topaketak "erabateko arrakasta" izan du, eta zaleek egin dioten harrera ona ikusita, ekimenaren jarraipena bermatuta dagoela aurreratu du.
Urriaren 10etik 12ra bitartean Gasteizen egin den Araba Encounterrera bertaratu direnek 795.000 giga datu mugitu dituzte, eta horrek argi erakusten du zenbaterainoko parte-hartzea izan duten.
Aurten Arte Digitala kategoriara aurkeztu diren lanen “kalitate tekniko altua” azpimarratu dute antolatzaileek, eta ekimen jakin batzuek (dronen tailerrak, esate baterako) izandako arrakasta goraipatu dute.
San Vicenteren aburuz, hurrengo erronka hitzordua sendotzea izango da, eta Euskal Encounter eta Gipuzkoa Encounter "ekimen anaiekin" nolabaiteko sarea eratzea.