Alberto Onaindia

Markinan jaioa, batxilergoa ikasi zuen jesuiten Durangoko eskolan, Filosofia Gasteizko Seminarioan, eta Teologia ikasketak egin zituen, bekadun bezala, Erromako Gregoriar Unibertsitatean.1930ean, oposaketa bidez, Valladolideko katedralaren kalonjetza batera iritsi zen, eta irakasle lanetan hasi zen bertako seminarioan.

II. Errepublikak aldaketa handia ekarri zion Onaindiaren bizitzari, eta Bizkaira itzuli zen gatazka sozio-politiko eta erlijiosoa gori-gori zegoenean. Gerra Zibilaren garaian, protagonismo publiko handiagoa hartu zuen; izan ere, aholkularitza eta lankidetza lanak egin zituen Euzko Jaurlaritzarentzat, eta Erromara joan zen Jose Antonio Agirreren izenean, Vatikanoko Estatu Idazkaritzari dokumentu bat entregatzeko, alegia, bai Jaurlaritzak eta bai bere alderdi politikoak (EAJ) Errepublikaren aldeko leialtasunari eusteko zituzten arrazoi politiko eta moralak justifikatzen zituen dokumentu bat.

Onaindiaren bizitzaren une larriena Gernikako bonbardaketarekin etorri zen. Gertaeren egunean hiribilduan egon ondoren, Bilbora joan zen berehala, eta gero Parisera abiatu zen hegazkinez, gertaera basatiaren lekuko eta apaiz errespetagarria izateak ematen zion sinesgarritasun bikoitzaz baliatuz, Salamancako kuartel nagusiak gertaera ankerraren inguruan hedatutako gezurrak salatzeko xedez, Frantziako intelektual eta kazetari katolikoen aurrean.

Erbesteratze mingarria pairatu zuen, baina onuragarria eta emankorra ere bai, norabide askotan proiektatu baitzen: euskal auziari buruzko informazioa helaraziz Vatikanori, eta laguntzazko gestio humanitarioak eginez, euskaldunek frantziar kostaldera ihes egin zutenean.

II. Mundu Gerran, Londresen, bide profesional berri bat hasi zuen irratiko kazetari bezala, BBCn, “James Masterton” izenpean, eta geroago Parisko Frantziar Irratidifusioan, “Olaso Doktore apaiz” bezala.

87 urte zituelarik hil zen, Donibane Lohizunen, eta bere nahia betez bere jaioterriko –Markina- abadeen hilobian lurperatu zuten.

Alberto Onaindia

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
    Kargatzen ikusiena