Politika
Mobilizazioa
Agentziak | EITB Media
Datorren apirilaren 16an urtebete egingo dute Zuerako kartzelan 2017an eskuin muturraren gorroto diskurtsoen aurkako manifestazio batean izandako istiluengatik atxilotutako sei gazteetatik lauk. Atxiloketa ausazkoa izan zela eta epaiketa bermerik gabe egin zela salatu dute.
'Zaragozako 6'ak deiturikoei babesa emateko manifestazioa, gaur, Zaragozan. Argazkia: Europa Press.
Ehunka lagun kalera atera dira Zaragozan 'Zaragozako 6ak' deiturikoak berehala askatzea eskatu, kasua salatzen jarraitu eta Mozal Legea bertan behera uztea eskatzeko.
Izan ere, apirilaren 16an urtebete egingo dute Zuerako espetxean eskuin muturraren gorroto-diskurtsoak gaitzesteko Zaragozan egin zen manifestazio baten testuinguruan izandako istiluetan atxilotutako sei gaztetatik lauk.
Zaragozako erdigunean bildu dira manifestariak, Glorieta Saseratik abiatuta, eta Independentzia pasealekua eta Alfontso kalea zeharkatu dituzte Espainiako Gobernuaren aurkako kontsignak botaz eta espetxeratuen askapena eta indultua eskatuz. Pilar plazan amaitu da, Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, eta bertan manifestu bat irakurri dute.
Pablo Rochela plataformako bozeramaileak Poliziari leporatu dio sei gazteak "ausaz" atxilotu izana istiluak izan eta ordu batzuetara; epaileei "frogarik gabe" zigor maximoak ezarri izana, eta Espainiako Gobernuari, indultatzeko "borondate politikorik eza, nahiz eta askatzeko gaitasuna eta betebeharra izan". "Halako kasu gehiago egoteari bide ematen dioten legeak ezabatu gabe" jarraitzea ere egotzi dio Gobernuari.
"Epaiketan frogatutako gertaera bakarra da zigortuek manifestazio batean parte hartu zutela, eta, beraz, preso politikoak dira", esan du. Izan ere, atxilotuek ez dute inoiz ukatu manifestazioan egon zirenik, baina bai geroko istiluetan parte hartu zutenik, leporatzen zaien gisan.
«Zaragozako seiak absolbitzeko Gurasoen Plataformak» behin eta berriz aldarrikatu duenez, bermerik gabeko epaiketa izan zen. Defentsak segurtasun-kameren grabazioek aurkeztu zituzten, epaitutako gazteak istiluen tokian ez zeudela frogatzeko, baina ez ziren froga gisa onartuak izan.
Horrez gain, salatzen dutenez, epaiketan ez ziren kontutan hartu defentsak emandako lekukoak, haien errugabetasuna frogatzen zutenak, eta epaia emateko erabili zen erru-froga bakarra inplikatutako polizien testigantza izan zen, epaiketan egindako deklarazioetan kontraesanak egon zirelarik.
Rochelak gogorarazi duenez, Justizia Ministerioari 10.000 sinadura baino gehiagoren babesarekin eskatutako indultuaren berririk ez du oraindik plataformak, eta koalizio-gobernua, bereziki Pedro Sanchez, Yolanda Diaz eta Pilar Alegria Aragoiko ministroa, egin ditu "gazte horiek kartzelan daramaten egun bakoitzaren erantzule".
Erantzukizun hori "Gobernuari eusten dioten diputatu guztiena" dela salatu dute, "bidegabekeria honen konplize izan nahi ez badute, askapena behartu behar dutelako".
Gertakariak eta epaiketa
2019ko urtarrilaren 17an izan ziren gertakariak. Zaragozako Auditorioan egitekoa zen Vox-en mitina eta eskuin-muturraren diskurtsoa salatzeko manifestazio bat deitu zuten eta 300 lagun inguru bildu ziren. Poliziak kargekin desegin zuen manifestazioa eta haien gomazko pilotei eta kolpeei erantzun zieten zenbait manifestarik.
Handik ordu batzuetara (ez istiluen unean), eta istiluak izan ziren tokitik aparte sei gazte atxilotu zituzten, ausaz; lau adinez nagusi eta bi adingabe.
Gazte horiek Zaragozako Probintzia Auzitegian epaitu zituzten desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. 2021eko urtarrilean sei urteko espetxe-zigorra ezarri zieten lau adin nagusikoei eta isun ekonomikoa eta urtebeteko zaintzapeko askatasuna adingabeei.
2021eko urrian, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak kondenak gogortu zituen, eta 7 urtera igo zuen 4 gazteen kartzela-zigorra. Auzitegi Gorenera jo zuten orduan, epaia neurriz kanpokoa eta bidegabea zela iritzita eta horrek, azkenean, 2024ko urtarrilean, 4 urte eta 9 hilabeteko zigorra ezarri zuen, isun ekonomikoekin batera.
Buru-osasun arazoak ditu gazteetako batek
Joan den osteguneko prentsaurrekoan, plataformako beste bozeramaile batek, Olga Belenguerrek, familiak kasu honekin pairatzen ari diren sufrimenduaren berri eman zuen, bai maila emozionalean, bai ekonomikoan, "espetxeko gastuen kopuru handiagatik, isunez gain, langile klaseko familia batek ia mantendu ezin dituen gastuengatik".
Ildo horretan, Imad espetxean dagoen gazteetako baten osasun mentaleko egoera delikatuari buruzko informazioa gehitu zuen. Belenguerrek jakinarazi zuenez, "buruko osasun arazo oso konplikatuak dituela dioen txosten periziala" mahai gainean egonda ere, eta plataformako abokatuek hirugarren gradua behin baino gehiagotan eskatu duten arren, gazteak espetxetik kanpo tratamendu espezifiko bat egin ahal izan dezan, "Espetxeetako Zuzendaritzak etengabe errefusatzen du, eta horrek sentsibilitate eta gizatasun falta ikaragarria erakusten du", kritikatu duenez..
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa