Politika
EUSKO LEGEBILTZARRA
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak egoera aztertzeko bilera erronda egingo du astelehenean alderdi guztiekin, Voxekin izan ezik.
Imanol Pradales lehendakaria Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakariak onartu du Ameriketako Estatu Batuen muga-zergen politikak salbuespenezko egoera ekonomikoa dakarrela, baina lasaitasunerako deia egin du, alarmismoan erori gabe, eta Europar Batasunaren batasunetik erantzuteko eskatu du. Halaber, alderdiei elkarlana eskatu die ziurgabetasun egoerari aurre egiteko.
Pradalesek Javier De Andres Euskadiko PPko presidenteak eta Jon Hernandez Sumarreko ordezkariak egindako galderei erantzun die gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Horiei erantzunez jakinarazi duenez, astelehenean bilera erronda egingo du alderdi guztiekin, Voxekin izan ezik, egoera aztertzeko.
Lehendakariaren arabera, Eusko Jaurlaritza "lehenengo minututik jabetu da" muga-zergen mehatxuaren larritasunaz, eta horregatik aktibatu zuen duela bi hilabete Industriaren Defentsarako Taldea. Asteazkenean iragarri zuen 2.000 milioi baino gehiago mobilizatuko direla enplegua babesteko, euskal enpresa-sarea defendatzeko eta eraldatzeko, eta merkatu berriak bilatzeko eta enpresak nazioartekotzeko laguntzak zabaltzeko.
"Salbuespenezko neurriak eskatzen dituen salbuespenezko egoera bizi dugu, baina baita pultsu fina eta bisturia ere", esan du, eta "ausardiaz eta irmo baina lasaitasunez" jokatzearen alde egin du. Pradalesek EBren eskutik erantzutearen beharra ere azpimarratu du, "batasuna sendotasuna baita, eta zatiketa zaurgarritasuna".
Euskadiko PPko presidenteari euskal eragile politiko eta sozialei laguntzeko eskatu dio Pradalesek De Andresi, eta "Madrilgo politikaren okerrena" ekarri beharrean, Euskadin akordioak bilatzeko.
"Pena da politika ez egitea, politikakeria baizik, eta brotxa potoloa erabiliz politikarekin jokatzea", esan dio De Andresi, eta jarrera aldatzeko eta Madrilera begiratzeari uzteko eskatu dio, hori ez delako euskal gizarteak merezi duen giroa.
PPk Kongresuan Kontzertu Ekonomikoa blindatzea defendatu izana ontzat jo du lehendakariak, eta akordioak zabaltzeko eskatu dio De Andresi. "Espero dut Euskadiren alde egiten duen PP bat ikustea", azpimarratu du.
Euskadiko PPko presidenteak, bere aldetik, euskal herritarren interesei begira diezaiela eskatu dio lehendakariari, ez bere alderdikoei, eta horren politika ekonomikoak, beste alderdi batzuekin egindako akordioak eta Jaurlaritzan egindako praktikak kritikatu ditu, aholkulari kopurua tartean.
Europak defentsarako inbertsioa indartzearen alde egin duen apustuaren inguruan Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak egindako kritikei ere erantzun die Pradalesek. "Ez da belizista izan behar, baina ezta inozoa ere", esan dio.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa