Politika
KONTZERTU EKONOMIKOA
Eusko Jaurlaritzak zorraren muga malgutzea eskatuko dio Espainiako Gobernuari osteguneko bileran
AGENTZIAK | EITB Media
Muga-zergen aurrean erantzuteko gaitasuna izan nahi du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, lehen kalkuluen arabera, EAEk 2.000 milioi euroko balioa duten esportazioak egiten ditu AEBra.
-
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan parte hartu izan duten ordezkariak Artxiboko irudia: Irekia
Donald Trump AEBko presidenteak abiatutako gerra komertzialaren ondorioei erantzuteko zorra handitu ahal izatea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, ostegun honetan Madrilen egingo den Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bileran.
Osteguneko bileran Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta hiru aldundien ordezkariek parte hartuko dute.
Aipaturiko batzarrean parte hartuko dute, besteak beste, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak eta hiru ahaldun nagusiek.
Pasa den abenduaren 23ko Batzorde Mistoan, 2027 urte arteko defizit eta zorpetze mugak zehaztu zituzten. Horren arabera, hurrengo hiru urteetan % 0,3koa izango da Eusko Jaurlaritzaren defizit muga, eta zor publikoa, % 13koa.
Orain zorpetze muga malgutzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari % 13 hori gainditu ahal izateko.
Halaber, erregimen komuneko autonomia erkidegoen zorra kitatzea ere mahai gainean izango da. EAE eta Nafarroa Espainiako Estatuko erregimen komunetik kanpo daude, eta Ogasun Ministerioak iragarritako 80.000 milioiko kitapenak bi erkidegoei kalte egin diezaieke, zeharka. Izan ere, Espainiako Estatuak bere gain hartzen du erregimen komuneko erkidegoen zor hori, eta Kupoak barne hartzen ditu zor publikoari eta haren interesei lotutako Estatuaren kargak. Beste era batera esanda, Estatuak zenbat eta zor handiagoa izan, Kupoaren % 6,24aren bidez ordaintzeko orduan eta gastu handiagoa izango da.
Era berean, foru ogasunek Espainiako Estatuan jokatzen duten papera nazioartean gehiago zabaltzea eskatuko dute.